Ordiziako haurren aurreskuaren bideoan parte hartzeko izen emate epea zabalik dago
Ekitaldia kalean ezingo denez egin, etenik ez izateko, bideoa egingo dute herriko haurrek, etxean grabatutako irudiekin. Asteartea, uztailak 7, da izena emateko azken eguna
Ordiziako jaietako haurren soka dantzak etenik izan ez dezan, kalean ezingo dute egin baina egunean bertan zabaltzeko dantzen bideo muntai bat egitea pentsatu dute aurreskuko erakusle eta txistularien artean..
Dantzak ikasteko bideo tutorialak egingo dira eta dantzari bakoitzak norbere grabazioak etxean egin beharko ditu.
Bideoan parte hartu nahi dutenek, izen ematea komeni da eta horretarako azken eguna, asteartea, uztailak 7, izango da. Hemen sakatuta bete ahalko dira datuak: izen abizenak, jaiotze urtea eta alpargata dantzatu nahi duen edo ez adierazi beharko da.
Dantzariak 3 bideo grabatu beharko ditu; alpargata, fandango eta arin arin. Bikoteak 2 dantza grabatu beharko ditu: fandango eta arin arin ). Grabazioak horizontalean izan beharko dira eta dantzariak txuri gorriz jantzita atera beharko dira (Alpargata dantzatzen dutenek txapela gorria buruan). Aurten 2014. urtean jaioak (2019/2020 ikasturtean 5 urteko gelan egon direnak) izango dira gazteenak.
Izena ematea amaitutakoan bideo tutorialak eta grabazioak egiteko argibideak whatsapp bidez bidaliko dira.