Zaldibiako parkera ekarri dute Aralar, hitzez eta musikaz
Aralarri buruzko liburuaren aurkezpen musikatua egin dute asteburuan, Zaldibiako parke botanikoan, Lorea Agirre eta Idurre Eskixabel egileekin eta Pello Ramirez musikariarekin.
Eguraldia dela eta ekitaldia astebetez atzeratu eta gero, larunbat arratsaldean aurkeztu zuten Aralar, mundua leku den lurra liburua. Oraingoan, eguraldia eta publikoa lagun zutela egin ahal izan dute, gainera. Parke botanikoko belardia eskenatoki bihurtuta, Lorea Agirrek eta Idurre Eskixabelek liburuko pasarteak irakurri zituzten, Pello Ramirezek musikaz lagunduta; gainera, Sahatsa Ramirezek dantza egin zuen. Jexux Mendizabal ‘Kaxkagorri’ artzain zaldibiarra ere bertan izan zen, eta lizar bana eman zizkien opari.
Koronabirusa dela eta, neurri bereziekin egin dute saioa, sarrera eta tarteak kontrolatuta eta musukoa erabilita, besteak beste.