Zeraingo etxebizitza sozialetako gazteek kontratuak sinatu dituzte
2016an hasi ziren etxebizitza sozialerako proiektua ontzen, Atxondoko ereduan oinarrituta. Abuzturako etxebizitza amaituta egongo dela azaldu du Amaia Junquera Zeraingo alkateak.
Zerainen etxebizitza sozialerako proiektua amaitu dute, ia lau urteren ostean. 2016. urte amaieran ekin zioten proiektuari, Atxondoko ereduari erreparatuta. Etxebizitza bera oraindik guztiz bukatuta ez dagoen arren, abuztuan prest egongo da. Guztira zortzi lagun biziko dira bertan. Ostiralean sinatu zituzten gazteek kontratuak, eta haien etxea izango dena ikusteko aukera ere izan zuten. Proiektuak gazteen emantzipazioa bultzatzea eta bakarrik bizi diren adinekoek herrian aukera izatea du helburu.
Hilabete barru prest izango dira etxebizitzak. Amaia Junquera Zeraingo alkateak azaldu du agian ez direla abuztuaren lehenerako egongo, baina hilabetea bukatzerako amaituko dituztela. Dagoeneko etxebizitza guztiak beteta daude, baina itxaron zerrenda irekita dago: “Oraingoz bi pertsona daude izena emanda”. NANa, errenta aitorpena eta errolda aurkeztu behar dute interesdunek itxaron zerrendan izena emateko.