Legazpiko ehiztariak elkartuko dituen kluba
Datorren asteazkenean egingo duten batzarrarekin, jendaurrean aurkeztuko dute Legazpiko Ehiztarien Kluba. Katta-Gorri elkarteak egiten duen lanaren osagarri, ehiza postuez arduratuko dira.
Ehiza denboraldirako asko falta da oraindik, baina Legazpiko ehiztariak hasi dira mugitzen. Alarma egoeraren aurretik eratutako LEK Legazpiko Ehiztarien Kluba (Ascale gazteleraz) lehen urratsak egitekoa da; datorren asteazkenean, hilak 15, bere lehen batzarra egingo du. Talde eragileak elkartea aurkeztu nahi die herriko gainerako ehiztariei.
Vicente Garmendia, Josetxo Elkorobarrutia, Santos Fernandez eta Pedro Triguero dira Legazpiko ehiztari elkarte berri hori martxan jarri duen talde eragileko kideetako batzuk; hamar lagunen artean jarri dute martxan proiektua.
Katta-Gorriren lana osatuz
Ehiza kontuak Katta-Gorri elkarteak eramaten ditu aspalditik Legazpin, arrantzakoekin batera, eta urtean zehar hiru txapelketa antolatzen ditu: herri mailakoa, eskualdekoa eta Euskadikoa. LEK Katta-Gorriren jarduna osatzeko sortu da, elkarte horretako bazkideen artean ehizaz arduratzeko prest dagoen jende gutxi dagoelako, eta elkarte horretatik kanpo ehiztari gehiago ere badagoelako. «LEK herriko ehiztari guztiak hartzeko sortu da, izan Katta-Gorriko bazkideak ala ez».
Ez dute ehizarako baimena duten legazpiarren errolda ofizialik, baina 230 inguru izango direla uste dute, azken urteetan gazte asko hasi direlako ehizan. Guztientzako irekita dauzkate ateak.
Klubaren eginbeharrak
Katta-Gorrik garai batean egiten zituen beste lanak hartuko ditu bere gain elkarte berriak; besteak beste Legazpiko ehiza postuen mantentzea eta zozketa, postuetara iristeko pisten konponketa eta denboraldi amaierako garbiketak. Zeregin horietaz ehiztari talde bat arduratzen zen azken urteetan, eta talde horixe bera izan da LEK-aren oinarria.
Ehiztari saiatu horiek egindako auzolanari eta egin dituzten inbertsio handiei esker, ehiza azpiegitura aldetik «oso ondo dago Legazpi»: Muñazorran, Korostin eta Larrosainen dauden hiru lerroen artean 45 ehiza dorre daude, gehienak aldamioz egindakoak eta eskailera eta guzti dutenak. Elkarte berriaren zeregina azpiegitura horiek eta inguruak zaintzen jarraitzea izango da.
Beste zereginetako bat postuen zozketak egitea izango da, urriaren 6tik azaroaren 20ra bitartean gutxi gora behera. Bikuña jauregian egingo dira aurrerantzean ere; hantxe jarri du LEK-ak egoitza soziala. Bazkideek abantailak izango dituzte eta gutxiago ordaindu beharko dute zozketatan parte hartzeko.
Lehen batzarra, 15ean
Klub berriak hilaren 15ean egingo du batzarra, Bikuña jauregian; 18:30ean da lehen deialdia, 19:00etan bigarrena.
Elkartearen sorreraz hitz egingo dute, baita bazkideak hartzeari buruz ere laster hasiko dute kaleko kanpaina. Urteko kuota zehaztea, elkartearen barne funtzionamendurako araudia zehaztea, ehiza postuak hobetzeko hartu beharreko neurriak eta etorkizunerako inbertsioak eta proiektuak ere landuko dituzte.