Aldaketak ezarri dituzte iganderako Haztegiko hauteslekuetan
Hautesmahaiak ikastolako eraikuntzatik kanpo jarriko dituzte, aurreko eta atzeko pilotalekuetan eta patioan. Gainerako hauteslekuetan ez da aldaketa nabarmenik izango, eta sarrerak eta irteerak bereiziko dira gehienetan
Koronabirusak eskatzen dituen segurtasun neurriak ezarri dituzte udalek igandeko hauteskundeei begira. Legazpiko hauteslekuetan ere egin dituzte aldaketak., nahiz eta botua emateko tokiak betikoak diren: Brinkola-Telleriarteko eskolak, Haztegi ikastola, Domingo Agirre ikastetxea, Laubideko eskola txikiak eta San Ignazioko eskola zaharrak
Aldaketa garrantzitsuenak Haztegin egin dituzte, mahaiak ikastolako eraikuntzatik kanpo jarriko direlako. Hala, lehen sekzioko mahaiak (Aiztonaga, Aizkorri, Azpikoetxe, Domingo Agirre, Itxaropen, Mantxola, Saturnino Telleria, Urola bikoitiak, Ormakio eta Geltokiaren hiribidea), ikastolako aurreko patioan jarriko diren karpetan egongo dira.Bigarren sekziokoak (Fleming, Kale Nagusia, Lanaren Hiribidea, Latxartegi, Nafarroa, Olaondo, Patrizio Etxeberria, La Salle, Santikutz, Plazoala eta Urola bakoitiak, ikastolako atzeko pilotalekuan egongo dira, eta sarrera eta irteera Latxartegi parketik egin beharko dute boto emaileek. Azkenik, 7-B mahaia (Bikuña, Bikuña Enea eta Olaberria), ikastolako aurreko patioko pilotalekuan egongo da.
Gainerako hauteslekuetan ez da aldaketa nabarmenik egin, baina sarrerak eta irteerak bereizi egin dira, boto emaileen pilaketak ekiditeko.
Brinkola-Telleriarteko eskolan, berriz, sarrera eta irteera ate beretik egin beharko da, eta boto emaileak banan bana sartu beharko dira hauteslekura, eta gainerakoek kanpoan ilarak eginda itxaron.