«Amodiozko liburu bat da, drama ukituarekin»
Nerabezaroa, lehen amodioa, matxismoa eta tratu txarrak dira Elixabete Martin legazpiarraren 'La chica S' eleberriaren ardatzak. Bere lehen liburua da, eta gaur aurkeztuko du Agirre-Etxeberrin.
Zure lehen eleberria aurkeztuko duzu gaur.
Bai, La chica S, Circulo Rojo argitaletxearekin ateratakoa. Gazteei zuzenduta dago, amodio istorio bat da, drama ukituarekin. Gastelaniaz idatzi dut, irakurterraza da eta ez da oso luzea.
Agirre-Etxeberrin da aurkezpena, 19:30ean. Ez dut asko pentsatu nola egingo dudan. Edukiera mugatua da, eta espero dut familia eta lagunak etortzea eta kitto, babestuago sentituko naizelako. Baina guztiak ongi etorriak izango dira.
Nor da S neska hori?
S protagonistetako bat da, Señe du izena. Batxilergoa bukatzen ari den neskatxa bat da, eta Susane lagun minarekin batera biziko du nerabezaroa, baita amodio kontuak ere. Señek mutil bat ezagutuko du eta hasieran dena oso polita da, baina harremana aurrera doala, matxismoa eta tratu txarrak agertuko dira. Nik erakutsi nahi nuen lehen amodioak ez direla hain idilikok, baina asko ikasten dela haietatik.
Autobiografikoa al da?
Ez! Gauza edo pasarte batzuk bai, nire bizitzatik edo nire lagunen bizitzetatik atera ditut. Ezagutzen nautenek aurkituko dituzte niri gertatutako gauzak, baina ia guztia asmatutakoa da.
Zein izan da liburuaren prozesua?.
Duela urte batzuk hasi nuen, baina alboratu egin nuen ama izan nintzenean, denbora faltagatik. Hasiera eta amaiera idatzi nituen lehenik, banekien istorioak nolakoa izan behar zuen, eta tartekoa osatzen joan naiz, batzuetan gogo gehiagorekin, beste batzuetan gutxiagorekin…
Konfinamendua iritsi zenean denbora nuenez, eta ireki berria nuen Xaloa estetika zentroaren etorkizunak eragiten zizkidan kezkak ahazteko, berriro hartu nuen eta idazten bukatu nuen.
Argitaratzea etorri zen gero. Gertukoentzako liburu batzuk argitaratzea zen nire asmoa, eta hiru argitaletxetara bidali nuen. Hirurek baiezkoa eman zidaten, eta haietatik Circulo Rojo aukeratu nuen.
Zergatik Circulo Rojo?
Argitaletxe handia da, lan egiteko modua gustatzen zait… eta Ane Odriozolaren El secreto de Gibola eleberriaren erreferentzia nuen. Autoekoizpena egin dut, gastuak nire kontura dira, baina salmentatik ateratzen dudana niretzako izango da. Liburua erosi nahi duenak niri eskatu behar dit, 18 euroan dago salgai.
Gustura zaude emaitzarekin?
Bai. Nik idatzitako testu osoa errespetatu dute, eta liburuak oso itxura polita dauka.
Azala ere zeuk egin duzu.
Nire marrazki bat da, neska bat, Señe protagonista. @ninkane ilustratzaileak moldatutako eta digitalizatutako irudia da. Liburua oso-osoa da nirea.
Noiztik idazten duzu?
Nerabezarotik, poesia idazten nuen, eta gordeta ditut poema batzuk. Marraztea eta margotzea ere gustuko dut, diseinuak egitea, dantza egitea… artea orokorrean. Lanbidez ere horregatik naiz estetizista; Xaloaren logoa nik egin nuen. Batzuk kirolerako trebetasunarekin jaiotzen dira, nirea arterako iaiotasuna da.
Jarraituko al duzu idazten?
Momentuz ez, denbora asko eskatzen du. Ez nekien zenbat denbora behar den liburu bat idazteko.