Kulturari plazak eskaintzeko ahaleginak ugaritzen ari dira
Lazkaoko Udalak asteon iragarri du uztailerako kultur egitaraua, musika emanaldiak eta haurrentzako saioak antolatuta. Gaur Matilda da Skate parkean jotzekoa. Gaur zortzi 'Izpilunak' ikuskaria izango da Igartzan.
Ez dago oraintxe erraza udal teknikarientzat kultur ekintzak programatzen, ezta kazetarientzat ere bakanka-bakanka sortzen ari diren ekitaldien bilduma itxuroso bat egiten. Udalak kezkaz ariko dira eskaintza hori antolatzen, segurtasun neurrien betebeharra baitaukate, eta aire libreko ekitaldiak egiteko zeruari begiratu behar baitzaio paraje hauetan. Legazpiko Udalak joan den astean iragarri zuen Uztakale berezia, eta Lazkaokoak astelehenean jakinarazi zuen uztaileko kultur agenda. Ordiziako Udalak, bestalde, kultur eskaintza digitalarekin jarraitzen du.
Mikel Markezek Beasaingo Igartzako jauregian egin zuen kontzertua izan zen jendaurreko lehena, ekainaren 19an. Astebetera, Matilda taldeak jo zuen Ordiziako Urdanetaren eskolaren frontoi estali-irekian, eta joan den larunbatean, Aralar, mundua leku den lurra liburuaren irakurraldi musikatua egin zen Zaldibiako parke botanikoan. Legazpin ere egin dituzte lehen ekitaldiak, eta gaur, Entsegu ibiltaria dantza saioa dute.
Umeentzako saioak aparte, sei kontzertu antolatu dituzte Lazkaon. Gaur Matildak joko du Skate parkean (19:30), eta toki berean ariko da BigBadMan talde lazkaotarra 18an (19:00). Lazkao Txiki plazan Mariatxi talde bana ariko dira 16an eta 30ean, baita Kantaka abesbatza ere 21ean. Mediana taldeak itxiko du egitaraua 31n, Arizti parkean.
‘Izpilunak’ Igartzan, 17an
Gaur zortzirako, berriz, Izpilunak ikuskaria dago iragarrita Igartzako monumentu multzoan (20:00). Iban Nikolaik eta Joseba Loinazek egingo duten didgeriddo eta piano saioari, Kike Biguri umoregilea batuko zaie.
Ekirock jaialdiaren aurkezpena atzeratu egin dute
Gaur zen egitekoa Itsasondon eguzkiaren energia eta musika uztartzen dituen Ekirock egitasmoaren aurkezpena, baina Ordiziako koronabirus kasuen berragerpenaren eraginez, jaialdia hamabost egunez atzeratzea erabaki dute oraingoz. Astearte iluntzean egin zuten bileran hartu zuten erabakia. Hori bai, kartelari eutsiko diote: Jon Gurrutxaga & Urbil Artola, Howdy Bluegrass eta Monky man disko jartzailea dira parte hartzekoak.