Legazpiko gizarte zentroko jarduerak astelehenean hasiko dira berriz martxan
Kafetegiko aretoa ere egunero irekiko dute, arratsaldez. COVID-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartu dituzte. Urtero bezala, abuztuan itxita egongo da herriko jubilatu eta pentsiodunen topalekua.
Koronabirusaren eraginez lau hilabetez itxita egon ondoren, Legazpiko gizarte zentroa berriz hasiko da martxan astelehenean, uztailak 13. Horretarako, kontingentzia plan bat egin du udalak eta, bertan, COVID-19aren transmisio arriskua minimizatzeko beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak jaso dituzte. Neurri horiek aplikatuta, gizarte zentroan eskaintzen diren jardueretan parte hartu ohi duten pertsonek berme guztiak izango dituzte.
Astelehenetik aurrera, honako jarduera hauek jarriko dituzte berriz martxan: mantentze gimnasia, ekialdeko filosofia edo yoga, eskulanak, marrazketa eta pintura eta ordenagailuak.
Bestetik, kafetegiko aretoa ere egunero irekiko dute, 17:00etatik 20:00etara eta horretarako ere, COVID-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak aurreikusi dituzte.
Abuztuan, azkenik, itxita egongo da gizarte zentroa, urtero bezala.