Azken 24 orduetan ez dute koronabirus kasu berririk atzeman Goierrin
Igandean Ordiziako azken kasua jaso zutenetik, Osasun Sailak ez du Goierrin agertutako beste kasurik jakinarazi. Martxotik hona 382 lagun jo ditu koronabirusaren gaitzak eskualdean.
COVID-19aren bigarren olatua eta Ordiziako kasu berrien agerpena apaltzen hasi direla dirudi. Hala diote behintzat Osasun Sailak gaur argitaratutako txostenaren datuek. Azken 24 orduetan ez dute koronabirus kasu berririk atzeman Goierrin, nahiz eta oraindik, PCR probak egiten jarraitzen duten. Azken positibo kasuak Ordizian (4 asteburuan) eta Beasainen (1 ostiralean) agertutakoak izan dira. Horietan azkena igandeko txostenean (Ordiziakoa) jaso zuten, eta harrez gero ez da kasu berririk agertu.
Koronabirus kasuen kopuru osoa uztailaren 6tik eguneratu gabe dauka Osasun Sailak. Goierriko Hitzaren kalkuluen arabera, 382 lirateke, martxoan COVID-19aren krisia hasi zeneteik, Goierrin agertutako kasuen kopuru osoa.