Azoka egingo dute bihar Ordizian, neurri bereziak hartuta
Baserritarrek plaza nagusian jarraituko dute, fruta saltzaileak zuhaiztian egongo dira, eta plazaren kanpoaldeko saltzaileak, frontoi txikian. Arropa saltzaileak ez dira etorriko.
Bihar, asteazkena, azoka egingo dute Ordizian, nahiz eta neurri bereziak ezarriko diren. Arropa saltzaileak, ez dira egongo, eta antolaketan ere aldaketak izango dira. Plaza barruan, Barrena parean, Zuhaiztian eta frontoi txikian jarriko dituzte azokako postuak. Sarrera kontrola egongo da eta aforoa ere kontrolatuko dute uneoro. Postu bakoitzaren aurrean, zintekin lurra markatuko dute, distantziak eta espazioak banatzeko.
Astebeteko etena izan duen azokak, COVID-19 kasuen berragerpena zela eta, baina udalak ahalik eta lasterren ekiteko konpromisoa agertu zuen. Lehendik ere aplikatu izan dituzten neurriak dira gehienak.
AZOKAKO SEGURTASUN NEURRIAK:
Ordiziako azoka lau guneetan banatuko da, jende pilaketak ekidin eta eremu kontrolatu eta itxiak bermatzeko.
1.- Plaza Nagusia. Baserritarrak plaza nagusian kokatuko dira. Plaza osoa itxita egongo da, eta sarbide eta irteera bakarra izango dute. Itxaroteko eremua antolatuko da, eta sartzeko eskuak gel hidro-alkoholikoarekin garbituko dira. Aforo kontrola burutzeko Babes Zibileko boluntarioak egongo dira. Itxaron gune guztietan zoruan pertsonek errespetatu beharreko distantziak markatuko dira, plazara sartzeko, baina baita plaza barnean ere, eta ez da jendea sartzen utziko hutsuneak egon arte.
2.- Nikolas Lekuona plaza. Barrena pareko Nikolas Lekuona plazan pasta-saltzaile eta oliba saltzaileak kokatuko dira. Eremua itxita egongo da baita ere, eta sarbidean aforo kontrola burutuko da, eskuak garbitzeko gela eskaintzearekin batera.
3.- Zuhaiztia. Zuhaizti-Arboledan fruta -saltzaileak kokatuko dira. Eremu osoa itxiko da, eta sarbidea goiko partetik izango da, eta irteera berriz, beheko aldetik. Aforo kontrola burutuko da sarreran, eta gela eskainiko da. Lurren distantziak markatzeko zintak jarriko dira, eta ez da jendea sartzen utziko tarte librerik ez badago.
4.- Frontoi txikia. Plazaren kanpoaldean kokatzen diren postuak, lore-saltzaileak, onddo eta perretxiko saltzaileak eta bakailao saltzailea kanpoko frontoi txikian kokatuko dira. Eremu itxian baita ere, sarbide eta aforo kontrolatuarekin, eta aurretik aipatutako baldintza guztiekin. Arropa saltzailerik ez da egongo biharko azokan. Ordutegia goizeko 8:00tatik 12:30tara izango da. Gogoratu aldez aurretik erosteko aukera erabilgarri jarraitzen duela. Zuzenean baserritarrari deitu, eta asteazkenean erosketa D’Elikatuzen jasotzeko aukera dago.