Egoera normaltze aldera «aste hau klabea» izango dela dio Ezenarrok
Positibo bat gehiago atzeman dute Ordizian eta guztira 74 dira. Ordiziako alkateak herriko merkataritza eta ostalaritza babesteko deia egin die herritarrei
Positibo kasu bat gehiago atzeman dute Goierrin, Ordizian, azken 24 orduetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez. Ordiziako agerraldiari lotuta, beraz, 74 kasu positibo atzeman dira guztira. Egoera aztertzeko, jarraipen batzordea egin zuten atzo, Zumarragako ospitalean, Eusko Jaurlaritzak deituta.
Asteburuak utzitako datuak aztertu eta egoeraren balorazioa egin ostean, Segurtasun Sailak Ordiziako ordezkariei «normaltasuna berreskuratzeko gomendioa» eman die, betiere, «segurtasun neurriak jarraituz». Adur Ezenarro Ordiziako alkateak esan du, «aste hau klabea» izango dela. Positibo eman zuten pertsonei, probak egingo zaizkie berriro, pixkana-pixkana egoera «normaltzen» joatea espero du.
Gauzak horrela, «aurreko astean hartutako neurrien jarraipena aztertu» du udalak. «Udal langileei PCR probak egingo zaizkie, hainbat neurri malgutzen joango gara eta eraikin publikoak irekitzen». Baina batez ere, mezu bat bidali nahi izan die herritarrei: «Ordiziako merkataritza eta ostalaritza establezimenduak babestea». Merkatariak eta ostalariak egun gogorrak bizitzen ari dira eta Ezenarrok nabarmendu duenez, «elkar babesteko unea da orain».
Egunotan hartutako neurrien artean, Majori kiroldegia ixtea erabaki zuten. Majoritik jakinarazi dute, «erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko kiroldegiko langile guztiei PCR probak egin» dizkietela. Emaitzak asteazkenerako izango dituztela gehitu dute. Positiborik ez badute atzematen, asteazkenean bertan kiroldegia irekitzea aurrikusten dute.
Neurriak beste herrietan
Birusaren hedapena ekiditeko neurriak hartu dituzte Goierriko beste hainbat herrietan ere. Beasaingo Udalak eta herriko ostalariek tabernetako edukiera erdira mugatzea, nahitaez eserita kontsumitu behar dela eta asteburuetan gehienez ordu biak arte zabalduko dutela erabaki dute. Neurriak zorrotz bete behar direla ere onartu dute. Ostalaritza establezimenduak bakarrik ez, gazte lokalak ere mugatu dituzte: asteburuetan itxita egon beharko dute eta aste barruan 23:00ak arte, betiere, hamar laguneko edukierarekin. Gainera, segurtasun tarteak mantendu ezin direnean musukoa derrigor erabili behar dela eta eskuak sarri garbitu behar direla gogorarazi diete herritarrei.
Lazkaoko Udaletik ere, prebentzio neurri guztiak betetzeko deia egin diete herritarrei, eta COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak dituztenek, isolamendu-neurriak hartu eta osasun-zentroarekin harremanetan jarri beharko dutela. Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak honela esan du: «Elkarlanean jardun behar dugu guztion gain baitago koronabirusaren hedapena mugatzea. Ardura kolektiboa da ezarritako neurriak betetzea, atzera-pausorik eman ez dezagun». Lazkaoko Udala, ostalariekin bildu da eta tabernak ixteko ordutegi-muga 02:00etan ezarri da. Neurriak asteko egun guztiei eragingo badie ere, bereziki, asteburuko pilaketak ekidite aldera hartu dira. Terrazen ordutegi muga honakoa da: aste barruan 23:00ak arte, eta ostiral eta larunbatean 00:00ak arte. Bestalde, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kontrola areagotuko dute kalean.
Legorretan, uztailerako antolatu zituzten ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, eta udalak gogorarazi die herritarrei, «musukoa erabiltzeko, distantzia mantentzeko eta higienea eta garbitasuna zaintzeko».
Araman, frontoia eta parkeak itxita daude berriz, eta udalak, «segurtasun neurriak errespetatzeko» deia egin du.
Hondakin bilketa
Bestalde, koronabirusak jota bakartuta edo berrogeialdian dauden herritarren hondakinak errefusera bota behar direla azpimarratu du Sasieta Mankomunitateak. Debekatuta daude hondakinak birziklatzeko edukiontzietara botatzea eta edukiontzien kanpoan uztea, mankomunitateko langileen osasuna arriskuan jartzen baita.
Gainerako herritarrei birziklatzen jarraitzeko deia egin diete. Halere, gogoratu dute musukoak, latexezko eskularruak eta betaurreko babesgarriak ez direla edukiontzi horira bota behar, errefusaren ontzira baizik.
Bihar azoka egingo dute, neurri bereziak hartuta
Bihar, asteazkena, azoka egingo dute Ordizian, nahiz eta neurri bereziak ezarriko diren. Arropa saltzaileak, ez dira egongo, eta antolaketan ere aldaketak izango dira. Plaza barruan, Barrena parean, Zuhaiztian eta frontoi txikian jarriko dituzte azokako postuak. Sarrera kontrola egongo da eta aforoa ere kontrolatuko dute uneoro. Postu bakoitzaren aurrean, zintekin lurra markatuko dute, distantziak eta espazioak banatzeko.