Goierri garaiko Acapulco
Urretxuko igerilekuak paraje zoragarri batean daude eta milaka metro koadroko zelaia dute. Duela bi urte berritu egin zituzten, gainera. Ekainaren 30ean ireki zituzten eta 4.000 lagun baino gehiago pasa dira bertatik dagoeneko.
Krisi ekonomikoa dela, kanpora joateko beldurra dela, hoteletan jarraitu beharko den protokoloa dela… uda honetan goierritar asko etxean geldituko dira. Bero handiko egunetan jendeari uretan sartzea gustatzen zaio, baina inguruko hondartzak jendez gainezka daude, aforoa mugatua da, aparkalekua ordaindu behar da… Hala, urte berezi honetan gure herrietako igerilekuak inoiz baino preziatuagoak dira. Urretxuar eta zumarragarrak zorionekoak dira, Urretxun igerileku bikaina baitute. Handia eta berritua.
Urretxuko Udalak igerileku bikainak egin zituen 1980ko hamarkada amaieran Irimo mendiaren magalean. Baina zaharkituak gelditu ziren: putzu handiak ur asko galtzen zuen, makineria zaharkitua zegoen, sakonera handiegia zen… 2018an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, berritu egin zituen.
Igerileku handia txikitu egin zuten eta haurrena tokiz aldatu zuten: handiaren ondoan jarri zuten. Hala, gurasoentzat erosoagoa da eta sorosle gutxiago behar dira bainatzen ari diren pertsonak zaintzeko. Gainera, eguzkia hartzeko toki gehiago dago. Bestalde, ur jolasak jarri zituzten eta eskailerak berritu. Igerileku handiak jada ez du ura galtzen eta, gainera, sakonera txikiagoa du. Hori dela eta, ur kontsumoa asko jaitsi da eta ura lehen baino epelagoa dago. Igerilekua hobeto aprobetxatzen da, lehen oso jende gutxi egoten baitzen igerilekuaren erdian.
Inbertsio garrantzitsua
Urretxuko Udalarentzat ez zen erraza izan erabakia hartzea, inbertsioa handia izan baitzen. Aurten beteko duen funtzio garrantzitsua ikusirik, ziur ez dela damu. Pagoetako igerilekuak ekainaren 29an ireki zituzten eta abuztuaren 31 arte egongo dira zabalik: astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:00etara.
Koronabirusa dela eta, igerilekuak irekitzea ez da erraza izan, baina udal arduradunek oso argi zuten ireki egin behar zirela. «Protokoloak oso zorrotzak dira eta inbertsioak egin behar izan dira, baina hasieratik oso argi genuen igerilekua oso azpiegitura garrantzitsua dela Urretxu eta Zumarragako bizilagunentzat. Bereziki, udan eskualdetik atera ezin direnentzat», aipatu zuten igerilekuak ireki zirenean.
Protokoloari dagokionez, bai zelaian eta bai putzuetan aforo mugatua dago eta erabiltzaile kopurua kontrolatu egiten da. Dena den, Pagoetako igerilekuetako zelaia oso zabala da eta oso zaila da txiki gelditzea. Putzuetan, ordea, ilarak egon dira eguraldi ona egin duen asteburuetan.
Protokoloarekin jarraituz, distantziak mantendu behar dira eta eraikinaren barruan maskara jarri behar da (zelaian ez da derrigorrezkoa). Bestalde, udalak garbiketa zerbitzua indartu du. Igerilekuak egunean hiru aldiz garbitzen dira. Komunak eta aldagelak zabalik daude, baina udalak aldagelak ez erabiltzeko eskatu du. Dutxak itxita daude.
Urretxuko Udalak herritarrei arauak errespetatzea, uretan behar baino gehiago ez egotea eta jendea zain dagoela ikusten badute uretatik irtetea eskatu diete. Ilara luzeak sortzen badira, bainua 10 minutura mugatuko dute.
Protokoloak protokolo, erabiltzaileak oso gustura ageri dira. Uztaileko lehen asteburuan sekulako eguraldia egin zuen eta igerilekuan ehunka lagun elkartu ziren. Beraien artean, Gaizka Igartza eta beraien bi alabak zeuden. «Alabak sarritan etortzen dira. Ni, berriz, lanak uzten didanean».
Urretxuko igerilekua asko gustatzen zaie. «Herrian bertan dagoenez, ez dago autoa haur beharrik. Gainera, zelaia oso zabala da eta oso gustura egoten gara», aipatu zuen Igartzak.
Ez du uste aurten igerilekuan inoiz baino jende gehiago elkartuko denik. «Batzuk dagoeneko oporretara joan dira eta beste batzuk halako tokietara etortzeko beldur dira».
Urretxuko igerilekuak, zelaiaz eta putzuez gain, taberna eta terraza ditu. Hor harrapatu genituen Amaia Palmero, Ines Estalayo, Rosa Ranilla eta Itziar Mendia. Azken hauek ama-alabak dira eta egunero joaten dira igerilekura. «Arratsaldea pasatzeko plan bikaina da».
Ez dute argi aurten jende gehiago edo gutxiago aurkituko duten. «Aurten jende asko ez da oporretara joango, baina asko ez dira igerilekura etorriko, etorri aurretik ez dagoelako jakiterik tokia egongo den edo ez», aipatu zuten.
Oraingoz, datuak oso onak dira. Lehen bi aste hauetan jende asko pasa da igerilekutik. Hilaren 8an 868 pertsona joan ziren igerilekura, 9an 809, 5ean 695, ekainaren 30ean 683, uztailaren 4an 425 eta 7an 360.