Olaberriako Arcelor Mittaleko langileek grebara joko dute
ELAk eta UGTk sinatutako aurre akordioari ezezkoa esan diote langileek, eta zuzendaritzari negoziatzen jarraitzeko eskatu diote. Soldata igoera duinak eta egutegia eta bajak adostea eskatzen dute.
Olaberriako Arcelor Mittal enpresako langileek grebara joko dute bihartik aurrera. Zehazki, astelehenetako, asteazkenetako eta larunbatetako errelebo bakoitzaren azken orduan geldialdiak egingo dituzte eta Porteriako eraikinaren aurrean mobilizazioak egingo dituzte.
Langileak zuzendaritzaren utzikeriagatik haserre daude. Urtebete baino gehiago daramate lan hitzarmen berri baten eskean, baina zuzendaritzak entzungor egiten die. «Gure ustetan prozesu osoan zehar zuzendaritzaren helburua langileok behin eta berriz mahaigaineratu ditugun aldarrikapen zeinbaiti aterabiderik ematen ez dien hitzarmena inposatzea da», salatu dute. «Zuzendaritzak erakutsitako borondate eskasari buelta emateko grebara jo beste aterabiderik ez dugu», dio LABek plazaratutako idatziak.
Aurreko astean ELAk eta UGTk sinatutako aurre akordioari langileek ezetz esan zioten eta zuzendaritzari negoziatzeko eskatu zioten. Eskaerari muzin egin diote. «Zuzendaritza honi ez al zaio urgentziazkoa iruditzen negoziatzen jarraitzea? Berdin al die negoziatzeko borondate faltak eragin ditzakeen eszenatoki gatazkatsuak?», galdegin dute.
Soldata igoera «duinak», egutegiko aldaketak adostuak izatea, bajak osatzeko sorospen kutxaren biziraupena bermatzea eta errelebo kontratuak egingo direla ziurtatzea eskatzen dute. 500 bat langilek egiten dute lan Olaberriako fabrikan.