EH Bilduk Zumarragako anbulatorioko etenik gabeko arreta gunea irekitzeko eskatu dio Osasun sailburuari
Rebeka Ubera legebiltzarkideak idatziz erantzuteko galderak egin dizkio.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Zumarragako anbulatorioko etenik gabeko arreta gunearekin lotutako galderak egin dizkio Nekane Murga Osasun sailburuari.
EH Bilduren ustez etenik gabeko arreta guneek funtsezko papera jokatuko dute ospitaleetako larrialdiak ez saturatzeko eta ez du zentzurik itxirik mantentzeak. “Horregatik, ez da ulertzen Zumarragako etenik gabeko arreta gunea oraindik itxita mantentzea eta bertako biztanleak Beasainera joan behar izatea. Erabaki horren aurrean osasun irizpideak baino gehiago, irizpide ekonomikoak daudela pentsarazten digu, edo eta urte luzeetako planifikazio eskas baten ondorioz, pertsonal gabezia. Baina, osasun arlotik kanpo egon daitezkeen irizpideek ezin dute baldintzatu pandemia baten erdian herritarrek jaso beharreko osasun arreta”.
Hori dela eta, idatziz erantzuteko galderak egin dizkiote Osasun sailburuari: Zergatik oraindik Osasun sailak ez du Zumarragako etenik gabeko arreta gunea ireki? Osasun sailak pentsatzen al du Zumarragako etenik gabeko arreta gunea itxia izateak laguntzen duela SARS-CoV-2 birusari aurre egiten? Erantzuna baiezkoa bada, zeintzuk dira arrazoiak? Erantzuna ezezkoa bada, zeintzuk dira arrazoiak? Osasun sailak Osakidetzarekin batera noiz dauka aurreikusita Zumarragako etenik gabeko arreta gunea irekitzea? Osasun sailak ez al du pentsatzen Zumarragako etenik gabeko arreta gunea itxita izateak ospitaleko larrialdiak kaltetzen dituenik?
Zumarragako etenik gabeko arreta gunea martxoko azken larunbatean itxi zuten. Ordutik, erabiltzaileek telefonoz deitu behar dute. Kasuaren arabera, kontsulta eskatzea, Beasainera joatea edo ospitalera joatea suerta daiteke. Etengabeko arreta gunea irailean irekitzea espero dute, “beti ere egoerak ahalbidetzen badu”.