Marino Lejarreta klasikoa bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak
Klasikoa "txirrindularitzaren festa bezala" ulertzen dute antolatzaileek, eta COVID-19ak eragindako egoera dela eta, proba ez antolatzea erabaki dute.
Sare sozialetan zabaldutako ohar labur baten bidez, Marino Lejarreta klasikoaren antolakuntzak jakinarazi du aurtengo proba bertan behera utziko dutela. COVID-19a eta birusaren “etengabeko berragerraldiak” direla medio, proba egitea ez dela gomendagarria azaldu dute, batez ere, azken urteetan 700 lagun inguru elkartzen zirela kontuan izanda.
Klasikoa “lehen ediziotik, txirrindularitzaren festa bezala” sortu zela azaldu dute antolatzaileek; “profesional ohiak, zikloturistak eta, oro har, kirol honen zaleak” elkartzen dituen festa. Gainera, bazkari handi batekin bukatu izan dute eguna urtero. “Egia esan, ez dugu klasika hau bururatzen denok mahai baten bueltan elkarrekin amaitzeko aukerarik gabe”. Hori dela eta, aurten proba ez antolatzea erabaki dute.