Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da bihartik Hego Euskal Herrian
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bihartik derrigorrezkoa izango da kalean maskarilla erabiltzea, baita Nafarroan ere. Goierrin 5 positibo kasu berri agertu dira.
Hego Euskal Herrian musukoa edo maskarilla erabiltzea derrigorrezkoa izango da bihartik. Nafarroako gobernuak hartutako erabakiaren ondotik iritsi da gaur Eusko Jaurlaritzaren erabakia. Hala jakinarazi du Nekane Murga Osasun Sailburuak, 13:00etan egin berri duen agerraldian. Neurri berria gauerditik aurrera sartuko da indarrean.
Nekane Murga sailburuak azaldu duenez, «neurri hauek beharrezkoak dira orain», eta pandemiaren garapenaren arabera, ez dute neurri gehiago hartzeko aukera baztertzen. Kalean maskarilla uneoro jantzita eraman beharko da, beraz, baita 1,5 metroko gutxieneko distantzia mantentzen den kasuetan ere. Baita hondartzara edota igerilekura joaterako, edo paseatzerako garaian ere. Gainera, mahai baten inguruan elkartu daitekeen jende kopurua 10 lagunera mugatuko dute bihartik. Kalean edatea debekatuta dago, eta arau horiek betetzen ez dituztenei, isunak jarriko dizkietela iragarri du.
Bestalde, Osasun Sailak eguerdian argitaratu duen txostenean, beste 5 positibo kasuren berri eman du Goierrin, horietatik 2 Beasainen, eta bana Legorretan, Ormaiztegin eta Seguran. Ordizian ez da kasu berririk agertu. Gipuzkoan guztira 41 dira atzemandako kasu berriak, eta EAEn 60. Azken egunetan ez da koronabirusak eragindako heriotzik izan.