Aisialdia eta euskara uztartuz, aste beteko saioak Legazpiko umeentzat
Udaleko Euskara zerbitzuak antolatuta, hiru aisialdi aste eskaini dizkiete haurrei. Bikuña kiroldegiak eta Ormazarreta zalditegiak ere antolatu dituzte ikastaroak udarako. tere madinabeitia
Ez dira ohiko udaleku irekiak edo uda ikastaroak. Aurten Legazpiko kaleetan ez da entzierrorik egin ‘sanferminetan’, eta parkeetan eta plazetan ere ez dira ikusten lepoan ohiko zapi berdea daramaten haur multzo alai eta zaratatsuak. Hala ere, talde txikiagoetan banatuta eta kopuruz gutxiago izanda ere, haurrek badute euskara eta aisialdia uztartuz uda berezi honetaz gozatzeko aukera.
Udaleko Euskara zerbitzuak antolatuta eta uztailaren 6an hasita, Aisialdian (ere) euskaraz! izenburua daramaten aisialdi asteak ari dira egiten. Hiru txandatan banatuta eta uztailaren 24ra arte, LH1etik LH4ra bitarteko 83 ikasle arituko dira guztira euskaraz jolastea helburu duten programa horietan.
Kopuru hori, 83 haurrena, oso urrun dago beste urteetako uda ikastaroetan jarduten zuten haur kopurutik, 300dik gora izaten dira eta. Baina COVID-19ak sortu duen osasun egoera dela eta, jende pilaketak saihestu behar dira eta segurtasun distantzia bermatu. Horregatik aurten ezinezkoa izan da Legazpin uda ikastaroa urteroko moduan antolatzea, baina familia eta lana uztartzeko zailtasunei erreparatuta, 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat euskaraz jolasteko astebeteko programak antolatzea erabaki zuen udalak, Euskara zerbitzuaren bitartez.
Aisialdi eskaintza berezia
Bost eguneko hiru txandetan banatu da aisialdi eskaintza berezi hori, eta LH1, LH2, LH3 eta LH4. mailako haurrei zuzenduta dago. Lehen txanda, amaitu berria, LH1koentzat izan da, uztailaren 6etik 10era; bi talde ibili dira, 23 haur eta lau begirale guztira. Aste honetan, astelehenetik ostiralera, beste bi talde ari dira, LH2ko 21 haur eta lau begirale. Eta uztailaren 20tik 24ra, LH3 eta LH4ko beste lau talde izango dira, 42 haur eta zortzi begirale.
Aisialdi programa horien elkargunea Azoka da, eta ordutegia 09:30etik 12:30era. Ekintza guztiak aire librean egiten dituzte, kutsatzeko arrisku gutxiago dauden lekuetan, eta taldeak ez dira elkartzen, bakoitzak bere zirkuitua egiten du. Bestela, maskarara erabiltzea, segurtasun tartea gordetzea eta eskuak maiz garbitzea dira begiraleek zein haurrek hartzen dituzten beste neurri batzuk.
Aste oso bizia
Lehen txanda amaitu da, eta parte hartu duten haurrak zein begiraleak pozik geratu dira igaro dituzten uneekin. Besteak beste, Mirandaolara txangoa egin dute bizikletaz eta han jolas saio eder bat, Urtatzarreko parkera ere joan dira goiz pasa, pisten jolasa ere egin dute herrian zehar, eta Latxartegi parkeko iturriaren ondoan, eguraldi eguzkitsu eta beroa zutela baliatuz, ur jolasak ere bai. Ekintza horiek aurreko urteetako uda ikastaroetan haurren artean arrakasta gehien izan dituztenak dira, eta horregatik aukeratu dituzte begiraleek. Beste bi txandetan ere errepikatuko dituzte, eguraldiak uzten badie behintzat.
Euskara zerbitzuak, bere aldetik, jaso ditu gurasoen lehen balorazioak. Aisialdi eskaintza «oso ondo» baloratu dute, «astebetekoa izan arren oso bizia izan delako eta egunero egin diren ekintzak potenteak eta haurren gustukoak izan direlako».
Ekintza horiek prestatzeko eta COVID-19aren aurrean hartu beharreko segurtasun neurriak eta derrigorrezko protokoloak finkatzeko, begiraleek aurrez hiru eguneko formakuntza jaso dute.
Kiroldegian eta zalditegian
Aisialdian (ere) euskaraz! programak eskaintzen dienaz aparte, Legazpiko haurrek badituzte uda honetan aisialdirako aukera gehiago. Bikuña kiroldegiak, esaterako, tenis eta padel ikastaroak eta natur inguruneko kirol ekintzak antolatu ditu 8 eta 17 urte bitarteko legazpiarrentzat. Txanda desberdinetan banatuta, abuztuaren 3ra arte luzatuko dira ikastaro horiek.
Bestetik, Ormazarreta zalditegiak ere egin du udarako eskaintza. Bi asteko iraupena duten ikastaroak antolatu dituzte, 9 eta 16 urte bitarteko haurrentzat eta gazteentzat, Mariano Fernandezek, Marian Lasak eta Nahia Lasak gidatuta.
Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00ak arte, partaideek zaldiekin jolasten dute, orraztu egiten dituzte, zaltokia jartzen diete, zelaira eramaten dituzte, gainean jarrita paseoak egiten dituzte eta, amaitzeko, dena jaso eta ukuilura itzultzen dituzte. Plan bikaina!