Artile hondakinak astelehenean jasoko dituzte, Idiazabalen
Idiazabalgo abeltzainen pabilioian egingo dute bilketa, egun bakarrean. Aurrez hitzordua eskatu behar da. Tarifak ere zehaztu dituzte. Goierrin 60.000 kilotik gora jasotzea aurreikusten dute.
Goierriko artaldeen artilea datorren astelehenean jasoko dute, Idiazabalgo abeltzainen pabiloian. Bilketa egun bakarrean egingo da eta aurrez hitzordua eskatu behar da 696 433 602 telefonora deituta. Ordainagiria ere eraman behar da. Aurtengo tarifak 36,30 eta 399,30 euro bitartekoak dira, ardi buruen kopuruen araberakoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diruz lagunduko du egitasmoa, tarifak merketzeko helburuarekin. Hala, artzainentzat ekidin ezina den gastua txikiagoa izango da.
Lurgintzak eta Abelurrek kudeatuko dute artile bilketa, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioaren laguntzarekin. Artileari balioa emateko lanean dabiltza azken urteetan, baina oraindik ez dute emaitza onik lortu. Hala, gaur gaurkoz, artilea hondakin hutsa da. Jasotako artilea Nafarroako konpostatze gunera eramango dute, konposta egiteko.
Goierrin 60.000 kilotik gora jasotzea aurreikusten dute arduradunek; horien erdia Ataunen, Zaldibian, Zerainen eta Zegaman. Eskualde osoan ia 25.000 ardi daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken datuen arabera, eta bakoitzak 2,5 kilo artile sortzen du. n artean bildutakoaren erdia osatu dezakete.
Irabazietatik, galeretara
Artilearekin irabaziak izaten zituzten artzainek garai batean, oheetako betegarriak eta oihalak egiteko saldu egiten baitzuten. Material berriak eta hobeak agertu direnean, artileak galdu egin du bigarren erabilera. Ustaltzea kosta egiten zaionez, artzainek ordaindu egin behar dute irteera emateko.