ELAk gogorarazi du Arcelorreko lanuzteetan parte hartzen ari dela
Enpresaren azken planteamendua positibotzat jo bazuen ere, begi onez ikusten du langileek eskaintza hori hobetu nahi izatea, eta bat egin du deitutako protestekin.
Olaberriako Arcelor Mittal enpresan egiten ari diren protesten harira, ELA sindikatuak gogorarazi du, haiek ere parte hartzen ari direla lanuzteetan. Enpresa hitzarmenaren negoziazio prozesuan, ELAk modu positiboan baloratu zuen zuzendaritzak egindako azken planteamendua, akordioaren edukiak, “beste hitzarmen batzuetan adostutakoak baino askoz hobeak” zirelako.
Hala ere, hitzarmen hori berresteko, langileen gehiengoaren eta Batzordearen gehingoaren babesa behar da. Zentzu horretan, ELAk positibotzat jo du “langileek enpresaren azken eskaintza hobetu nahi izatea”, eta azaldu du, helburu hori lortzera bidean deitutako mobilizazio guztiak babesten dituela. Horregatik ari dira egun hauetako lanuzteetan parte hartzen.
Bestalde, kezkagarria iruditzen zaie, enpresa ordezkatzen duen lehen sindikatuak, LABek, “gure sindikatuaz hitz egiteko duen ahalegina”. Hala, “ELA kritikatzera” bideratutako ahaleginen atzean, “langileen interesen aldeko negoziazio koherente baten buru izateko ezintasuna” estaltzeko asmorik ez izatea espero dute.