Kirol auto klasikoen rallyak Goierri zeharkatuko du etzi
Azpeitiko 17. Klasikoen Rallya Goierritik pasako da zapatuan. Eguerdian Gabirian egingo dute bazkaltzeko geldialdia.
Automobilismoko lasterketa gehienak atzeratu badituzte ere, zapatuan kirol auto klasikoen rallya ikusteko modua izango da, Goierrin. Azpeitiko 17. Klasikoen Rallya eskualdetik igaroko da, eta eguerdian Gabiriako Korta jatetxean egingo dute bazkaltzeko geldialdia partaideek.
Denera, 88 auto aterako dira, Azpeitian 11:00etan hasi eta gauean bukatuko den rally erregulatuan. Zirkulazioa itxi gabeko errepideetan ibiliko dira, une oro abiadura nahiz bestelako mugak errespetatuta.
Zortzi zati kontrolatu izango ditu klasikoen rallyak, eta 4.a jokatuko da Gabirian (12:49an). Guztira, egunean zehar 195 kilometro osatuko dituzte autoek; zati laburrena 8 kilometrokoa dute, luzeena 49koa.
Abiaduraren batez bestekoa eta ibilbidea kontrolatzea izan ohi da klasikoen rallyko zailtasuna. Autoek ezingo dute 50 kilometro orduko batez bestekoa gainditu zati bakoitzean.
Auto zahar asko pasatzen ikusteko aukera izango da etzi. 1968ko Porsche 914 bat eta Volvo 142S bat izango dira ibilgailu zaharrenak; baita 1970eko Porsche 911T eta Alpine A-110, 1975eko Peugeot 504, 1977ko Seat 127 edo 1978ko Simca 1200 bat ere.
Datorren astean, Goilurrak
Azpeitiko klasikoen rallya, datorren asteko II. Goilurrak rallyaren ahogozagarria izango da. Lazkaoko Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek antolatuta, uztailaren 25ean eta 26an da jokatzekoa rallya.
Zortzi zati dira. 25eko jardunaldiak Azkoitia izango du erdigunea, eta igandekoak Lazkao. Ibilbidea asteon zehaztuko dute.