Lazkaoko Eskola Agenda 21ek, batzarrik gabe, baina atera du urteko ondorioa
Ezohiko ikasturte amaiera eta hirugarren hiruhilekoa izan badute ere, beste urtebetez Lazkaon garatu dute ikasleek Eskolako Agenda 21 egitasmoa. Jasangarritasunaren irizpideak lantzeko eta barneratzeko balio izan die San Benito ikastolakoei, eta hasitako gaia izan dute aztergai aurten ere: klima aldaketa.
Martxotik aurrerako konfinamendu egoerak behartuta, ezin izan dute borobildu. Herriko diagnostikoa lantzeko atala, esate baterako, erdizka geratu zaie. Hala,» ondorioak ateratzeko zeregina ere ez da nahi bezain ongi lortu», azaldu dute Eskolako Agenda 21en koordinatzaileek.
Ohitura den batzarra ere gauzatu ezinik agurtu dute ikasturtea. Ikasleek herriko alkatearekin bilera egin ohi dute, landutakoa eta ondorioak erakusteko.
Energiaren arloa aztergai
Aurreneko bi hiruhilekoetan, bereziki, ikastolako energia kudeaketa landu dute. Iaz jarri zuten martxan ekintza plana, eta adierazleak neurtu dituzte.
Hobetzekoen artean, argiteria eta tresna elektrikoak behar ez direnean itzaltzea, mugimendu detektagailuekin pizten diren argiak ipintzea, fluoreszenteen ordez led motako lanparak jartzea, eta DBH-batxilerreko eraikinean gasolio-galdara kendu eta gas naturala jartzea ziren.
Gehiegizko eraikuntza, auto elektrikoak eta basoen kudeaketa ere landu dituzte.













