Maskara derrigorrezkoa da erabilera publikoko edozein espaziotan
Osasun Sailak musukoaren erabileraren araua gogortu egin du eta salbuespenak murriztu ditu. Araua gaur sartu da indarrean, epe mugarik gabe. Kasuak hazi egin dira
Musukoa derrigorrezkoa da Goierrin, baita ere aire libreko edozein eremutan Nekane Murga Osasun Sailburuak «beharrezko neurria» dela esan du, «birusa geroz eta hedatuago dagoelako». Honela, igerilekuan eta hondartzan musukoa derrigorrezkoa da metro eta erdiko tartea une oro mantentzerik ez badago. Berdin tabernetan eta elkarte gastronomikoetan. Musukoa soilik jateko eta edateko unean kendu ahalko da. Hori bai, kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Musukoa ez eramateak 100 eta 6.000 euro arteko isuna dakar. Arnasketa arazoak dituztenak musukoa erabiltzetik salbuetsita egongo dira.
Bestalde, ostalaritzako lokaletan, ezingo dira 10 pertsonatik gorako taldeak batu mahaietan, ez establezimenduaren barruan, ez kanpoan.
Kasu positiboak, gora
Goierrin bost koronabirus positibo atzeman dira azken 24 orduetan, eta jada 387 dira. Azkenak, Legorretan, Ormaiztegin, Seguran eta Beasainen jazo dira. Azken honetan bi kasu atzeman dira atzoko txostenaren arabera.
Zumarragako Ospitalean koronabirusak jotako gaixorik ez dago. Astebete baino gehiago da eskualdeko erietxean ospitaleraturik ez dagoela.
Bestalde, Goierriko eta Tolosako adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta langileei PCR probak egin dizkiete, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala aginduta. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakitera eman zuen atzo, «egoitzetan COVID-19rik ez» dagoela.
Ordizian, malgutzen
Ordizian egoera egonkortu egin da azken egunetan. Dena den, PCR probak egiteko unitateak lanean segiko du aste osoan zehar, izan ere, bigarren PCR proba egingo zaie, negatibo emanda zuten eta 10 eguneko etxealdia bete duten herritarrei.
Bestalde, Majori kiroldegia zabalduko dute gaur, neurri bereziak hartuta, langile guztiei PCR probak egin eta guztiek negatibo eman ondoren.
Tabernei dagokionez, atzo arratsaldean bildu ziren udala eta ostalaritza establezimenduetako arduradunak. Egoera egonkortu bada ere, astea bukatu arte, azken egunetan hartutako neurri berberekin jarraituko dute: establezimenduaren barruan ezin da zutik kontsumitu, eserita bakarrik eta aforoak %50ekoa izan beharko du; terrazetan %100eko aforoa eta eserita kontsumitu ahalko da; eta ordutegia, 23:30ak arte.