Urtebetetze opari bikaina Iparragirrerentzat
Aurten Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena beteko da. Ospakizun ekitaldiak atzeratu egin behar izan dira, baina Iparragirrek ez du triste egoteko arrazoirik: udala bere kalea eta plaza berritzen ari da.
Aurten Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena beteko da. Koronabirusa dela eta, ospakizunak atzeratu egin behar izan dira. Iparragirre urtebetetze festarik gabe gelditu da, beraz. Baina ez du triste egoteko arrazoirik. Izan ere, udalak opari bikaina egin behar dio: bere izena daramaten kalea eta plaza konpontzen ari da.
Urretxuko Iparragirre kalea eta plaza alde zaharrean daude. Zonalde horrek gainbehera nabarmena izan du azken hamarkadetan eta denda asko itxi egin dira. Hori dela eta, udalak lokalak zaharberritzea eta herriko elkarteei eskaintzea erabaki du.
Iparragirre 12koa herriko emakume artisau talde batek hartu du. Bertan, beraien artisau lanak saltzen dituzte eta ikastaroak egiten dituzte. Iparragirre 8koa, berriz, herriko merkatariei utzi behar die. Biltzeko eta beraien egitasmoak martxan jartzeko erabiliko dute. Lokal hauek jabeek doan utzi dituzte, zaharberritzearen truke. Jabe gehiago beraien lokalak uzteko prest daude eta herriko beste elkarte batzuk ere lokalak hartzeko prest daude. Ekimenak arrakasta izan du, beraz.
Gainera, Antio enpresa Iparragirre kaleko arkupea txukuntzen ari da, udalak hala eskatuta. Espaloia eta argiteria berrituko ditu eta zutabeak eta sabaia margotu. Sabaian Iparragirreren partiturak margotuko dituzte. Denden aurrealdea gorriz margotuko da, jendea sartzera gonbidatzeko.
Horretaz gain, udalak Iparragirre 4aren ondoko paretan hiru mural margotu ditu: ezkerrekoan Iparragirre ageri da, erdikoan Gernikako Arbola ereserkiaren partitura eta eskuinekoan hurritzaren hostoak.
Hori guztia gutxi balitz, Kuber enpresa Iparragirre 11ko fatxada berritzen ari da, bizilagunek hala eskatuta. Etxe honek Iparragirre kalera eta plazara ematen du.
Udala plaza hau ere zaharberritzen ari da. Plaza azpian garajeak daude eta udalak oinezkoentzako sarrera berri bat egin du. Horretaz gain, errepide ondoan zegoen murrua bota du, plaza irisgarriagoa egiteko. Gainera, aurrerago harmaila bat egingo du, kultur etxera ematen duen aldean.Horri guztiari duela hiru urte Iparragirreren estatua garbitu zuela gehitzen badiogu, olerkariak ez du ez bere bizilagunez kexu agertzeko arrazoirik. Berriro ere Villarreal de Urretxu, nire herri maitea abestuko ez du ba!