Udari zukua ateratzeko lanetan ari dira gazte asanbladan
Bihar kontzertua egingo dute Gaztetxen John Dealer & The Coconuts eta Billy Club taldeekin. Ikasturte berriari begira ere jarrita daude dagoeneko. Lekanazpi elkarteak ere, herriko musika taldeen kontzertu akustikoa antolatu du.
Koronabirusak eragindako etenaldiaren ondoren indartsu itzuli da lanera Legazpiko Gazte Asanblada, eta aurtengo ikasturte bitxi honi merezi duen amaiera emateko ekitaldi sorta antolatu du Gaztetxean.
Uztailaren lehen astean hasita, ostiraletan pintxo-potea egiten dute, pasa den larunbatean bertso-bazkaria egin zuten, eta biharko, Jonh Dealer & The Coconuts eta Billy Club taldeen kontzertua antolatu dute, 19:00etan hasita. Sarrerak agortuta daude. Edukiera 90 lagunekoa da, eta ikusleak mahaietan eserita egongo dira. Abuztua baino lehen mendi irteera bat ere egitekoak dira.
Talde irekia
Gazte Asanbladako kide diren Eñaut Martinez de Birgarak eta Eneko Muruak mugimendu honen «errudun» herriko gazteak egin dituzte, «beti erantzuten dute», diote.
Herriko jende gaztez osatuta dago Gazte Asanblada, «1998tik 2002ko kintatakoak dira gehienak », ikasleak, eta asko kanpoan ikasten ari direlako, asteburuetan elkartzen dira Gaztetxearen jarduna antolatzeko. Asanblada «irekia» dela diote bi kideok, eta «asteroko konpromisoa hartu nahi ez dutenek ere tokia dute, iradokizunak asko eskertzen dira. Gerturatu!». Gazte Asanblada «tresna bat bezala ikusi behar dute, bururatzen zaizkien proiektuak aurrera eramateko».
Irailean bilera egingo dute ikasturte berrirako plangintza aztertzeko. Udazkenean zer izango den ez dakite, ordea, pandemiak aginduko du, baina «aurten hartutako dinamikarekin jarraitzea izango da helburua», hau da, ostiraleko pintxo potearekin, eta kontzertuak, hitzaldiak, dokumentalak, pelikulak…. antolatzea, «herri osoarekin elkarlana bultzatuz».
Ekintza gehienak Gaztetxean bertan egitea aurreikusten dute, «zorte handia dugu lokal honekin», kontzertuak egiteko toki aproposa da, eta barra ere badu. Barrak, gainera, dirua ateratzeko aukera ematen die, «ekintza gehiago prestatzeko».
Lekanazpik herriko sei musika talde elkartu ditu
Lekanazpi elkarteak ere bere ekarpena egin du Legazpiko uda girotzeko. Herriko kirolariekin egindako solasaldia eta Paul magoaren ikuskizun arrakastatsuaren ondoren, kontzertu akustikoarekin dator orain. Hilaren 22an, asteazkena, herriko sei taldek kontzertua emango dute Bikuña-enea plazan, Lekanazpi aurrekaldean 19:00tan. Modu horretara, «Lekanazpi herriko musikari gazteen aterpe bihurtuko da».
Honako hauek dira kontzertuan joko duten taldeak: One Way, Lau Lore, Nolanahi, Kontuz Erromeriya!, Nare eta Browstons. Talde bakoitzak hiru abesti joko ditu, era akustikoan, hau da, gitarrarekin, kajarekin eta ahotsekin. Kontuz Erromeriya! taldeak trikitixa ere sartuko du, eta Nareko musikariek biolina gehituko dute. Kasu gehienetan bertsioak egingo dituzte, baina abesti propioak ere joko dituzte. Antton Iraetak eta Mikel Altunak aurkezle lanak egingo dituzte.
Emanaldirako sarrera hiru eurokoa izango da; prezioan bi kontsumizio ere sartzen dira. Baina COVID-19aren ondorioz hartu beharreko neurriak direla eta, Bikuña-enea gune desberdinetan banatuko da, eta ikusleek eserlekuak aurrez hartu beharko dituzte eta maskara eraman beharko dute. Eserlekuak erreserbatzeko labur.eus/MSMHI loturan sartu behar da.