Gizarte zentroak hainbat ikastaro eta tailer jarri ditu berriz ere martxan
Lau hilabetez geldi egon ondoren, ikasturtea amaitzeko aukera eman die Buztintegik bazkideei. Kafetegiko areto nagusia ere irekita dago arratsaldez. Ile apaindegia maiatzetik dago zabalik
Koronabirusaren eraginez lau hilabetez geldi egon ondoren, uztailaren 13az geroztik gizarte zentroak berreskuratu du bere ohiko jardueraren zati bat. Buztintegi jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak martxan jarri ditu berriz ere martxoan etenda geratu ziren hainbat ikastaro eta tailer, beti ere COVID-19aren transmisio arriskua saihesteko hartu beharreko segurtasun neurri guztiak hartuta.
Mantentze gimnasia, ekialdeko filosofia edo yoga, eskulanak, marrazketa eta pintura tailerra eta ordenagailuen gela dira hil honen erditik martxan dauden jarduerak.
Mari Carmen Ibañezek gidatzen duen marrazketa eta pintura tailerra da jendetsuena; «martxoan hain modu tristean eten genuen guztia… gauzak hobera egin dutenean ikasturtea amaitzeko aukera eman digute, eta aurrera egin dugu», azaldu du irakasle eta margolariak. Arratsaldez izan beharrean, goizez dira klaseak eta ohiko gela ere ezin dute erabili, espazio txikia izanik segurtasun tarteak ezin dituztelako gorde, horregatik ematen dituzte klaseak kafetegian, «baina moldatu gara». Ikasleak ere gustura itzuli dira, hori bai, erdiak bakarrik, 7-8 lagun.
Kafetegia eta ile apaindegia
Bestetik, gizarte zentroko kafetegiko aretoa ere egunero irekitzen dute, 17:00etatik 20:00etara. Bertan dagoen Anais ile apaindegia, berriz, maiatzaren 5etik dago zabalik, eta martxa onean.
Abuztuan itxita egongo da gizarte zentroa, urtero bezala.