Legazpiko merkatariek 'Dendak kalera' aterako dituzte bihar egun osoz
Ilinti merkatari elkarteak antolatuta, 'Dendak kalera' aterako dituzte bihar Legazpin. Herritarren artean kontzientzia zabaltzeko 'Hemen gaude' kanpaina ere abiarazi dute.
Kale Nagusia Legazpiko merkataritzaren erakusleiho erraldoi bihurtuko da bihar asteazkena, Dendak Kalera egitasmoari esker. Arropak, osagarriak, oinetakoak, optiketako salgaiak, belar dendetako produktuak, lentzeria, produktu grafikoak, kafea, lorak eta landareak… herriko dendariek saltzen dituzten produktuak aterako dituzte kalera 10:00etatik 20:00etara, Kale Nagusian batez ere, baina baita herriko beste gune batzuetan ere, euren saltokien aurrean.
Ilinti merkatari elkarteak sustatutako egitasmoa da Dendak Kalera.
‘Hemen gaude’ kanpaina
Legazpiko merkatari elkarteak, aldi berean, Hemen gaude kanpaina jarri du martxan, «Bizi dugun egoeran, bizirik gaudela eta elkarte aktiboa garela ikusarazi nahi dugu, hemen gaudela erakutsi», azaldu dute. «Gure herria behar dugu eta herriak ere behar gaitu», diote merkatariek, eta ildo horretatik, «produktuen salmenta aktiboa» aldarrikatzen dute, «laguntza ekonomiko gisa, baita gizarte laguntza gisa ere». Herritarrek Ilinti «bertako eta ezinbesteko elkarte gisa» ikus dezatela nahi dute, eta horretarako «gure aniztasuna erakutsi, gure batasuna erakutsi, herria egin» behar dute.
Kanpainaren harira oihalezko poltsa, boligrafoa eta edalontzi erabilgarria duen pack bat salduko dute, 10 euroan.