Lekanazpik antolatutako kontzertu akustikoa Haztegi ikastolako patioan egingo da
Bihar izango da, 19:00etan. One Way, Lau Lore, Nolanahi, Kontuz Erromeriya!, Nare eta Browstons taldeek joko dute, eta Antton Iraetak eta Mikel Altunak aurkezle lanak egingo dituzte.
Legazpiko sei talderen kontzertu akustikoa antolatu du Lekanazpi elkarteak biharko, uztailak 22. Bertan, One Way, Lau Lore, Nolanahi, Kontuz Erromeriya!, Nare eta Browstons taldeek joko dute, eta Antton Iraetak eta Mikel Altunak aurkezle lanak egingo dituzte. Hasieran Bikuña-enea plazan zen egitekoa, Lekanazpiren ondoan, baina azken orduko aldaketak tarteko, Haztegi ikastolako patioan izango da. 19:00etan hasiko da, baina 18:30ean irekiko dituzte ateak, ahalik eta jende pilaketa txikienak sortzeko ilaran. Patioan 250 lagunentzako edukiera dago, eta aurretik izena emandakoekin osatu da zerrenda.
Lekua ez da emanaldi honetarako aldatu den bakarra, sarrera ere aldatu delako. Bikuña-enean egitekoa zen kontzerturako sarrera 3 eurokoa zen, eta bi kontsumizio sartzen ziren. Orain, euro bakarrekoa izango da, eta ez da edaririk zerbitzatuko. Komunak jarriko dira.
Aldaketa hauen aurrean Lekanazpik esan duenez, “Aldaketak aldaketa, eta ez-normaltasunak ez-normaltasun, kontzertu akustikoaren notak eta legazpiar artisten ahotsak inoiz baino ozenago entzungo ditugu, Lekanazpik musikari gazteen bozgorailu izan nahi duelako”.