Dendak kalera atera dituzte Legazpin
Ilinti merkatari elkarteak antolatuta, Kale Nagusia herriko merkataritzaren erakusleiho bihurtu da. Bertan jarri dituzte postuak hainbat dendek, beste batzuek produktuak saltokiaren aurrera atera dituzten bitartean. Ilintik 'Hemen gaude' kanpaina abiatu du ekintza honekin.
Ilinti merkatari elkartearen ekimenez, Kale Nagusia Legazpiko merkataritzaren erakusleiho erraldoi bihurtu da gaurko egunez, Dendak Kalera egitasmoarekin. Arropak, osagarriak, oinetakoak, optiketako salgaiak, belar dendetako produktuak, lentzeria, produktu grafikoak, kafea, loreak eta landareak… herriko dendariek saltzen dituzten produktuak kalean izango dituzte salgai 20:00ak arte, Kale Nagusian batez ere, baina baita herriko beste gune batzuetan ere, euren denden aurrean.
‘Hemen gaude’ kanpaina
Gaurko egunean Hemen gaude kanpaina ere jarri du martxan Ilintik, «bizirik gaudela eta elkarte aktiboa garela” ikusarazteko helburuz . «Gure herria behar dugu eta herriak ere behar gaitu», diote merkatariek, eta ildo horretatik, «produktuen salmenta aktiboa» aldarrikatzen dute.
Kanpainaren harira oihalezko poltsa, arkatza eta edalontzi berrerabilgarria duen sorta jarri dute salgai, 10 euroan.