Legazpiko Nerabeentzako zerbitzuak ikasturtea amaitzear du
Herriko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako zerbitzuak bere jarduna moldatu behar izan du uda berezi honetan Covid-19ak eraginda, eta programazio berezia landu du. Irailaren 3an jarriko da berriz martxan.
Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuak ikasturtea amaituko du uztailaren 22an, asteazkena. Martxoaren 13tik maiatzaren 31ra bitartean online aritu ostean, ekainaren 1etik aurrera kalean eta gizarte sareetan aritu dira hezitzaileak, eta udan sartzearekin batera, Gazte-txokoa ere ireki zuten, Covid-19a dela eta hainbat segurtasun eta osasun neurriak hartuta.
Uda honetan, astean hiru egunetan ireki dute Gazte-txokoa: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Astearteetan eta ostegunetan, berriz, kalean aritu dira hezitzaileak.
Hiru ekintza berezi
Nerabeentzako zerbitzuan hiru ekintza berezi burutu dituzte azken asteotan gazte talde ezberdinekin. Adinez nagusiak diren gazteekin, LGTBIQ+aren gaia landu ostean eta herritarrei begira sentsibilizazio gisa, Latxartegi parkeko hiru eserlekuetan ostadarra margotu zuten. Uztailaren 9an, berriz, 15-18 proiektuko gazteekin eta ikasturtearen amaierako ekintza gisa, surf egitera joan ziren Donostiara. Eta azkenik, uztailaren 17an, gazteenekin Donostiara joan ziren egun pasa.
Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuak oporrak hartuko ditu, beraz, uztailaren 22an, baina “indarberritu eta energiak kargatu ostean”,
irailaren 3an itzuliko dira hezitzaileak.