«1963. urtean, hasi nintzaion laguntzen aitari Klasikoarekin»
Gaurko egunez zen jokatzekoa Ordiziako Klasikoa, baina COVID-19aren krisiagatik atzeratu egin dute. Urriaren 12an egin ahal izatea espero dute Txapel Gorri elkarteko Jose Luis Sanz ordiziarrak.
Datorren urriaren 12an egingo da Ordiziako Klasikoaren 97. jardunaldia, aldaketarik ezean. Arrazoi desberdinengatik data jartzeko nahikoa lan izan duzue aurten.
Bai, hala da! Uztailaren 25a izan ohi da eguna, baina iazko apirilean, Euskal Herriko Itzuliaren eta Donostiako Klasikoaren antolatzaileen dei bat jaso genuen, eta jakinarazi ziguten, 2020an arazoak izango genituela datarekin. Izan ere, Japoniako Olinpiar Jokoak uztailaren 24an hasten ziren, Frantziako Tourra uztailaren 19an amaituko zen eta, beraz, Donostiako Klasikoa uztailaren 25ean izango zen.
Worl Tour egutegiak lehentasuna du datak aukeratzeko orduan, eta azken urteetan UCIk (Union Cycliste Internationale) Donostiako Klasikoari Tourra amaitu eta hurrengo larunbateko data jarri dio, 2020an beraz, uztailaren 25a.
Informazio guztiarekin, antolakuntza bildu eta egun desberdinak baloratu ostean, uztailaren 23an egitea erabaki genuen. Pentsatu baikenuen, Donostiakoa 25ean izanda, World Teameko talderen bat Ordiziara ekartzeko aukera izango genuela.
Data jarrita, taldeekin ere hitz egin zenuten?
Irailetik eta otsailaren amaiera arte, elkarrizketa askoren ondoren, 17 taldek baiezkoa eman zuten.
Eta martxoan, koronabirusaren krisia iritsi zenez, uztailekoa bertan behera utzi eta data berria jarri duzue, urriaren 12a.
Pentsatu genuen osasun krisiarekin ezingo genuela egin, izan ere, UCIk oharra bidali zuen, abuztuaren 1era arte, WorldTeam proba guztiak etenda edo atzeratuta zeudela jakinarazteko, eta lasterketa horiek UCIren lehentasunezkoak zirenez, gaiari buruz hitz egiteko bildu ginen. eta udaletxera jo genuen, alkateari adierazteko uztailaren 23an ez genuela proba egingo. Irailaren 13an, Euskal Jaiekin batera egin zitekeela pentsatu genuen eta Espainiako Txirrindularitza Kontseiluaren bidez, UCIri eskaera egin genion. Egun horretarako, ordea, beste 8 proba daude programatuta.
Egutegia begiratu eta urriaren 12 edo azaroaren 15 ziren aukerak. Azkenean, urriaren 12an egitea espero dugu, baldintzak ematen badira behintzat.
Esan beharra dut, uneren batean, aurten ez egitea ere pentsatu genuela. Baina, Frantziako Tourraren ondoren, etenik gabe egin den, munduko bigarren lasterketa da Klasikoa. 1936an eta 1937an ez zen egin, baina 1938tik, urtero-urtero egin da. Hori galtzeak pena handia ematen zigun. Data beraz, jarrita dago. Baina esandakoa, egoerak uzten badigu.
Hainbat talderekin ere hitz egin dugu eta dagoeneko, batzuk eman dute baiezko erantzuna.
Ibilbideari dagokionez, aldaketarik egongo da?
Iazko berdina izango dela uste dut. Dena den, posible da aldaketak egotea.
Antolakuntzari dagokionez, koronabirusak zertan eragin du?
Protokolo berezia egitea derrigorrezkoa da. Lasterketaren egunean, epidemiologo bat izatera behartzen gaitu UCIk.
Bi talde hotel berean sartzen baditugu, ezingo dira solairu berean egon, eta zerbitzari desberdinak izan beharko dituzte, eta ezingo dira nahastu. Gainera, sukarrik duten kontrolatu beharko dugu. Baita beste hainbat gauza gehiago ere.
Taldeen aurkezpena egin ahalko da?
Ez dut uste. Txirrindulariek hotelean sinatuko dute eta handik, lasterketa irteerara joango dira zuzenean. Ezingo da egin Barandiaran plazan egin izan dugun aurkezpenik.
Eta ikusleei dagokienez, urrian gauzak nola egongo diren ez dakigu, baina zirruenik, oraindik jende pilaketak ekidin beharko dira. Nola egingo duzue, irteeraren eta helmugaren kasuan?
Oraindik aztertzen ari gara. Aukera desberdinak daude. Getxon adibidez, tenperatura neurtzen duen arku batetik igaro beharko dira irteera eta helmuga ikusi nahi duten guztiek.
Lasterketa hasiera eta amaiera non egin ere aztertzen ari gara. Posible da betiko tokian ez izatea, ikusleen sarrera-irteerak hobeto kontrolatu ahal izateko. Gainera, ikusleek ezingo dituzte txirrindulariak ukitu.
Koronabirusak, antolakuntza lanak zailduko ditu, beraz.
Bai, eta asko gainera! Beste lasterketa batzuetan nola egingo duten ikusteko aukera izango dugu ikasteko. Ordiziako Klasikoaren aurretik beste proba batzuk izango baitira.
Zer du Ordiziako Klasikoak hain berezia izateko?
Oso familiarra dela. Oraingo antolakuntzan, antzinako antolatzaileen lau seme eta biloba bat gaude. Horrez gain, espainiar estatuko proba zaharrena da eta betidanik jendeak ederki erantzun du, bai ikusleek baita taldeek ere.
Txirrindulari oso garrantzitsuek parte hartu dute.
Bai, kontratazioak beste modu batean egin genitzakeelako garai batean, txirrindulari solteak ekar zitezkeen, eta horregatik lortu genuen, Giurundi eta Gianni Mota ekartzea. Gaur gaurkoz, talde osoak kontratu behar ditugu.
Felice Gimondi ere izan zen, 1973. urtean. Ondoren. Munduko txapelduna izan zen Bartzelonan eta 1974, munduko txapeldun zela, Ordizian izan genuen berriro. Gustuko zuen Ordiziako Klasikoa.
Nolatan sartu zinen zu antolakuntzan?
Aitak, Legorretan jokatu zen jubenilen mailako proba batera eraman ninduen. Epailea zen eta lasterketa ikuspegi pribilegiatu batetik jarraitu ahal izan nuen, barrutik.
Hurrengo urtean, 1963. urtean, laguntzen hasi nintzaion Ordiziako Klasikoarekin, antolakuntzan baitzegoen. Hasieran, gutunak gutunazaletan sartzen, ondoren, lasterketaren planoa eta profila egiten, kotxeetan jartzen diren plakekin ere laguntzen nion, gaur egun pegatinak erabiltzen ditugu.
Gogoan dut plaka batek arreta eman zidala. Kapilauarena zen. Kontua da, urte hartan, lasterketan parte hartu zutenek meza izan zutela irteeraren aurretik, eta ondoren, kapilaua ere lasterketan izan zela. Bera zihoan autoak, kapilau irakur zitekeen plaka bat zeraman.
Eta, harrezkero, urtero-urtero lagundu dut, gaur egun arte.
Marino Lejarretaren omenezkoan ere, antolakuntzan zaude. Urriaren 4an zen egitekoa.
Bai, baina bertan behera geratu da. Kontua da, festa egun bat dela lasterketaz harago. Lasterketaren ondoren, 700 bat pertsona inguru biltzen gara bazkaltzeko Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Osasun krisia dela, eta horrelakorik ezin da antolatu. Beraz, beste urte baterako utzi beharko dugu.