CAF Gipuzkoako liderra da diru sarrerei dagokionez, beste behin
Azken urtean 1.445 milioi euroko sarrerak izan ditu Beasaingo enpresak. Gipuzkoako lehena da fakturazioan, eta EAEko bigarrena, Iberdrolaren atzetik.
CAFek Gipuzkoako beste edozein enpresa baino diru sarrera handiagoak izan ditu azken urtean. 1.445 milioi euroko diru sarrerak izan ditu. Hala dio Empresa XXI euskal industrian espezializatuko hamabostekariak prestatutako Quién es Quién en la economía vasca txostenak.
35.000 enpresen baino gehiagoren balantzeak aztertu dituzte, eta CAFek adinako diru sarrerarik inork ez du izan, Gipuzkoan ez behintzat. Euskal Autonomi Erkidegoan Iberdrola energia konpainiak gainditu egin du. Aurreko urteetako txostenean ere hala jazo zen. Beraz, CAFek eutsi egiten dio Gipuzkoako lidertzari.
Atzetik dituen enpresen artean Irizar da enpresa goierritar bakarra: autobus konpainia ormaiztegiarrak 341 milioi euro fakturatu ditu. Olaberrian egoitzetako bat duen Arcelor Mittal ere ageri da zerrendan 659 milioi eurorekin.
Kontratu potoloak
CAF multinazionala da eta mundu osoan egiten ditu negozioak. Hala, han eta hemen zenbateko handiko kontratuak sinatu ditu azken urtean. Kontratu horien batura da diru sarreren kopurua.
Esaterako, CAFek Renferekin 258 milioi eurotako kontratua itxi berri du. 36 tren ekoitziko dituzte garraio konpainia espainiarrarentzat, baina ez dira Euskal Herrian ibiliko. Aurten, Suediako, Italiako eta Herbehereetako konpainiekin ere milioika euroko kontratuak adostu ditu. Diru sarrerak ez dira irabaziekin nahastu behar. CAFek erdietsitako ia 1,5 mila milioi euro horiekin trenak egiteko materialak eta gainerako kostuak finantzatu ditu. Langileen soldatak ere bertatik ateratzen dira. Txostenak ez du zehatzen zenbateko irabazi garbiak izan dituen enpresak.