Festarik ez dela egingo eta «arduraz jokatzeko unea» dela azaldu du Ordiziako Udalak
Santa Ana festarik ez da ospatuko aurten baina San Jose adinekoen egoitzan hildakoen omenez minutu bateko isilunea egingo da suziria jaurti ordez. Udaleko alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute agerraldian.
Aurten ez da Santa Ana jairik izango Ordizian. Hala jakinarazi zuen udalak, orain ia hilabete. Orain, udala osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariek agerraldia egin dute, herritarrei «zuhurtziaz» jokatzeko unea zela gogorarazteko. Adur Ezenarro alkateak hartu du hitza, denen izenean. Koronabirusak Ordizia «gogor jo» duela azaldu du: «San Jose Egoitzan, 34 pertsona hil zaizkigu, guztiak ez koronabirusagatik, baina egoera honek ekarri duen bakardade eta isolamenduak eragin handia izan du».
Bihar ziren festetako txupinazoa botatzekoak, baina horren ordez, hildako adinekoak izango dituzte gogoan. Eguerdian, lona beltz bat jarriko dute udaletxeko balkoian, eta 12:00etan puntuan, Pello Ramirezek San Jose Egoitzan zendu direnen oroimenari eskainitako Agur Biluzia abestia jarriko dute bozgorailuetatik. Tarte horretan, isilunea mantentzeko deia egin diete herritarrei. «Ekintza sinboliko bat izango da, inolaz ere ez festarako tartea».
Izan ere, festetako gainontzeko ekitaldirik ez dute egingo aurten. Ez danborradarik, ez txirrindu probarik, ez mozorrotuen matutinarik. Tabernen ordutegiak ere mugatu egingo dituzte; hainbat bilera egin dituzte, tabernariekin ordutegiak adosteko. Bihartik astelehenera bitartean, goizeko 01:00ean itxiko dituzte tabernak. Edariak kalean edateko aukera egongo da, baina beti ere, gaueko 23:00ak arte, tabernaren inguruan, eta bertako kontsumizioak badira, gehienez ere 10 pertsonako taldeetan, musukoak jarrita eta 1,5 metroko distantziak mantenduta. Baldintza horiek betetzen ez direla ikusiko balute, dena «berehala» ixteko agindua emango lukete.
Oiangu, gauez itxita
Bestalde, Oiangu parkea itxita egongo da gauez, gauerditik goizeko 08:00etara; ordu tarte horretan, ezingo da inor gelditu parkean. Egunez zabalik izango da, eta bertako mahaiak erabili ahal izango dira, baina gehienez ere 10 laguneko taldetan, eta musukoa erabilita. Udalak ez du baimenduko musika aparailuak, energia generadoreak edota haimak igotzerik.