Judoa, koronabirus garaian ere kirol segurua
Denboraldi berriari begira izen-ematea ireki du Legazpiko judo klubak, eta kirol hori praktikatzera animatzen ditu herritarrak. Instalazio berriak izango dituzte entrenamenduetarako, ikastolako gimnasioan.
Kirolak ez du bere unerik gozoena bizi koronabirusak eragindako osasun krisialdiaren garai honetan. Txapelketak eta entrenamenduak, denak geratu ziren etenda martxoan, eta lau hilabetetik gora igaro direnean, kirol modalitate batzuek ez dute oraindik bere jarduna hasi ere egin.
Horixe da judoaren egoera Legazpin, baina hurrengo denboraldiari begira jarrita daude dagoeneko. Judo Legazpi klubeko Asier Berasategik eta Xabi Ugartek ikasturte berriaren xehetasunak azaldu dituzte, judoa garai hauetan praktikatzeko kirol segurua dela aldarrikatzearekin batera.
Denboraldi amaiera
Judo denboraldia martxoaren erdi aldean bat-batean bukatu zela gogoratu dute Berasategik eta Ugartek, foru aldundiak eskola kirola bertan behera utzi zuenean eta Bikuña kiroldegia itxi zutenean. Legazpiko klubaren azken ekintza Gipuzkoako infantil mailako txapelketa izan zen, non Endika Perez de Arenazak eta Ruben Calvok Euskadiko txapelketarako txartela irabazi zuten. Txapelketa hori, Euskadikoa, airean geratu zen eta horrekin, baita Espainiako txapelketara joateko aukerak ere. Alebinen Gipuzkoako txapelketa edo eskola kiroleko finala ere jokatu gabe geratu zen, «eta honetarako sei judoka genituen sailkatuta».
Bestela, klubaren jarduna geldirik egon da, «etxetik gidatzen nituen judo online saioak izan ezik», dio Berasategik. «Nahiko frustragarria izan da dena», aitortu du.
Instalazio gehiago
Hala ere, une honetan baikor daude Legazpiko judo klubekoak, eta hurrengo denboraldiari begira jarri dira, «oso zaila» datorrela ikusten duten arren.
Instalazioena da denboraldi berriaren aurrean judoak duen arazoetako bat. «Futbol taldeek zelai oso bat dute beraientzako, saskibaloikoek eta eskubaloikoek kantxa dute… baina guk gela txiki bat besterik ez dugu kiroldegian, eta beste kirol jarduera batzuekin partekatzen dugu». Gela horretan segurtasun distantziak gordetzen badira, edukiera 7-8 lagunera mugatzen da, «eta helduen taldeak 28 lagunekoak dira eta txikienenak, 32koak!».
Arazo horren aurrean, Judo Legazpi kluba akordio batera iritsi da Haztegi ikastolarekin, «Iñigo Imaz kirol zinegotziaren proposamen batetik abiatuta», eta irailetik aurrera, judoka txiki guztiek ikastolako atzeko patioko gimnasioan entrenatuko dute. «Bikuñako gelaren tamaina bikoitza du, kirol material egokiz hornituta dago eta herriaren erdigunean dago». Txikien taldeak 20 lagunekoak izango dira gehienez, eta bakoitzak bere espazioa ziurtatuta izango du gimnasioan. Judoka helduak, berriz, nahiz eta aurredenboraldia Haztegin egingo duten, kiroldegian hasiko dira gero.
Antolaketa berri horrek talde gehiago sortzea eskatzen du, eta talde guztientzako bina begirale behar direnez, azken horien ordutegiak eta prestasuna kontuan hartuta, «puzzleak osatzea bezala izan da».
Kirol segurua
Legazpin beraz, ziurtatuta dago hurrengo denboraldian judoa praktikatzeko tokia, eta izen-ematea irekita dago, judolegazpi.com webgunean.
Baina gaurko osasun egoeraren aurrean, segurua al da kontaktua ezinbestekoa duen kirol hori? Baietz diote Berasategik eta Ugartek, judoken arteko kontaktura iritsi aurretik «milaka ariketa» egin daitezkeelako. «Txikiekin egin daitezke entrenamendu saioak kontakturik gabe, bakarkako beroketekin hasita, erorketekin jarraituz…», azaldu du Ugarte begiraleak.
Eskola kirola berriz ere martxan jartzeko prestatzen ari diren protokoloa lagungarri izango dute horretan. Hiru fase aurreikusten ditu, bakoitza bi-hiru asteko iraupenekoa: kontakturik gabekoa lehena, bakarkako lana edo panpin batekin egindako lana dena; bigarren fasean bikotekako lana etorriko da, beti bikote berarekin; eta hirugarrenean, bost-seiko taldeetan egingo da lan, beti lagun berekin.
Garbiketa ere kontuan hartuko dute Legazpiko klubekoek. Tatamiak erabili aurretik eta ondoren desinfektatuko dira, eta judokek eskuak eta hankak garbitu beharko dituzte, baita judogia ere saio bakoitzerako.
Protokoloak, garbitasun eta segurtasun neurriak… judoa kirol martziala dela esaten da, eta ezaugarri hori lagungarri izango dutelakoan dago Berasategi, hori guztia betetzeko, «ziurtatu dezakegu arau guztiak beteko direla, eta judokek ere beteko dituztela».
Horretaz guztiaz klubeko bost entrenatzaileak arduratuko dira, Xabi Ugarte, Jon Aldabaldetreku, Izaskun Lizarralde eta Aritz Baztarrika gazteak eta Asier Berasategi; azken hori klubeko koordinatzailea ere bada. Jose Manuel Paternainek, berriz, kirol zuzendari lanak egiten ditu, Berasategik lagunduta.