Postu guztiak berriz hor dira
Sailkatzea zaila izanik ere, sagar, udare eta aran mota berri asko izan dira aste honetako Ordiziako azokan, normalean festa jantziz beharko lukeen Plaza Nagusian.
Gizartean bizi den giro arrarotik ez da aparte azoka. Maskarak komunikazioa asko mugatzen du eta azokak zuzeneko hartu emana oso berea du. Postu guztiak berriz ere hor izan arren, «hau ere ez da gure betiko azoka» entzun diegu kontu kontari ari ziren saltzaileei eta bezeroei. Jendearen halabeharrezko jarreraz gain naturak bere bidea darama eta emaitza oparoa atzo aurkeztu zena ere.
Eskarola eta brokolia
Barazkietan eskarola eta brokolia ekarri zituen Baliarraingo Irabiazpiko Edurnek. Udazken- neguan ere ongi irauten dute hauek goiz landatzeko ohitura du Edurnek. «Eskarolak bildu edo tapatu egiten ditut barne aldeko hostoak zuriago gera daitezen, bigunagoa izaten da horrela eta batzuk hola nahiago». 1-1,5 euroan bakoitza eta lehen brokoli buru txiki bakoitza euroan salgai.
Perrexil heze edo apio hostoak ere baditu euroan sorta. Eta aurtengo sagar dultze egin berria ere postu berean salgai 6 euro kiloa.
Sagar mota berriak
San Joan sagarra hasten denetik luzea izaten da hilabetea joan hilabetea etorri azokan eros daitekeen sagar klaseen zerrenda. Eta zaila jatorrizko izenekin identifikatu eta zehaztea. Oinatibi txikiko Joxe Antonio Elosegiren esanetan, «amak San Inazio sagarra esaten dio, garaiari lotuta alegia. Ea guk berezko izena aurkitzen diogun. Sagar bixia da berez». 1-2,5 euroan kiloa. Ataungo Lurdes Zurutuzak ekarri duenaz berriz ,«gure gurasoek errezil zuria esaten zioten, Goldenaren antzeko gustua du eta segituan pasatzen da». Idiazabalgo Kalbarioko Cardinale sagarra Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan. Guzti horiek arbolatik eskuz bilduta salgai jartzen dituzte. Aldiz eroritakoekin egin du Edurne Jauregik sagar dultzea: «San Pedro eta Goikoetxea baserri hortatik datorrelako sagarrekin egindakoa».
Iazkoa oso sagar urte ona izan zen, aurtengoaz galdetuta Errezilgo Aizpuruk eta Gabiriako Elosegik diote, «motaren arabera, errezila gutxi baina mahaiko sagarrak erreinetak, bella de bosco… eta sagardotakoak gaziloka, txalaka, txorisagarra izango da aurten ere».
Madariak eta aranak
Madariaz ere gauza bera zioten. Lehenak atzo ekarri zituzten, Morentini motakoak 3,5 euroan kiloa. Lau mota aran ere baziren, Fortuna gorria, horia, klaudia eta gorri txikia.
Physalis lore sortak salgai, barnean bere frututxo jangarri eta guzti 3 euro sorta Juanita Murgiondo mutiloarraren postuari kolore bizia emanez berez garai honetan ikusgai izaten ohi diren festa-xingolen lekuan.