Urrup Antzerki Taldeak 'A metro y medio' antzezlan berria aurkeztuko du gaur
Sexualitateari, amatasunari edo bikote bizitzari buruzko hiru bakarrizketa eta hiru eszena dira. Ordiziako Herri Antzokian izango da. Antzezlana osasun egoerara egokituta moldatu dute
Urrup Antzerki Taldeak ez du hutsik egingo bere urteroko hitzorduan. Etenaldiaren ostean, gaur aurkeztuko du Ordiziako Herri Antzokian prestatutako azken antzezlana: A metro y medio. 22:00etan izango da. Hiru bakarrizketa eta hiru eszena desberdinetan banatu dute, eta umorea du oinarri.
Rosa Rojo Urrup antzerki taldeko zuzendariak azaldu du «oso azkar» antolatu dutela muntaia berria. Izan ere, konfinamendua eta ondorengo agerraldia direla eta, martxoan pentsatuta zuten antzezlana moldatu behar izan dute: «Ekainean itzuli ginen, eta gero Ordiziako agerraldia izan zen». Distantziak eta neurriak bete eta segurtasuna bermatzeko egokitu dituzte eszena guztiak: «Arte eszenikoen protokoloa ikusita konturatu ginen zaila zela obra arrunt bat egitea», azaldu du Rojok.
Izenburuak esan bezala, metro eta erdiko distantzia utziko dute aktoreen artean. Koronabirusari buruzko antzezlana ez den arren, egoerari erreparatuta prestatu dute, eta aipamen ugari egingo dituzte horren harira.
«Bakarrizketa batzuk eginda zeuden emakumearen eguna ospatzeko, baina momentura egokitu ditugu». Rojok azaldutakoaren arabera, emakumeek bizi ditzaketen gaiak dira guztiak: «Sexualitatea, amatasuna, bikote bizitza… baina beti emakumearen ikuspegitik landuta».
Bederatzi emakume eta bost gizon dira guztira taldean, eta hirurentzat jendaurrean eta eszenatoki gainean antzezten duten aurreneko aldia izango da. Maider Unanue, Garazi Otegi eta Juanma Pecharroman lehen aldiz ariko dira aktore lanetan, eta haiekin batera Maribi Lopez, Josune Azurmendi, Gorka Lariz, Jose Luis Argiñano, Marisol Cavero, Ana Martinez eta Ana Mendia. Zuzendariak adierazi du «ahalegin, duintasun eta maitasun handiz» egindako lana dela.
Betiko hitzordua
Urtero aurkezten du Urrupek antzezlanen bat Santa Ana jaien aurretik. Aurten ez da festarik izango, baina antzerkia bai: «Guretzat oso garrantzitsua da Ordiziako emanaldia ez galtzea». Goierriko jendez osatuta, Ordiziako taldea baita: «Oso berezia da egindako lana aurkezten dugulako». Rojo «pozik» agertu da «zailtasunekin» izan bada ere lana aurrera eraman dutelako.
Beraz, parre egin nahi duenak gaur izango du aukera, maskararekin bada ere: «Egun on bat pasatzeko komedia da».