Goilurrak rallya bihar-etzi bi egunetan jokatuko da, erlojupeko zazpi zatirekin
Koronabirusaren egoeragatik ekainetik atzeratutako auto lasterketak Goierrin eta Urola Erdian izango dira. Olaberriko Zirkuituan jarriko dute parke itxia. Bost ibilbide desberdin dira
«Emaiok edo isildu hadi». Lazkaoko Ikullu Razing taldearen goiburua da, webgunean sartu orduko irakurtzen dena. Ekainean isilik geratu behar izan zuten, koronabirusaren itxialditik irten berritan, artean egokierarik ez zelako rallya egiteko. Martxoaren 14an, Goierri Rallyesprinta ere ez zen jokatu. Baina asteburu honetan ematea tokatuko da. Bihar eta etzi jokatuko da II. Goilurrak Rallya, Lazkaoko Ikulluk eta Azkoitiko Errebueltiek elkarlanean bigarren aldiz antolatuta.
Bi eguneko, bost ibilbideko eta zazpi erlojupeko zatiko rallyaren ohiko antolaketaren zailtasunei, koronabirusaren egoerak ekarritakoak erantsi zaizkie. Hala, parke itxia eta asistentzia gunea rallyaren bihotza, nolabait Olaberriko Zirkuituko zabalgunera aldatuko dituzte, Lazkaoko plazan jarri beharrean. Han egingo dituzte egiaztapenak, eta partaideak hara itzuliko dira zatiak osatutakoan.
Bigarren ediziorako beste aldaketa bat, egun banaketa da. Iaz jardunaldi berean 8 erlojupeko korritu bazituzten, aurten bi egunetan banatu dituzte: bihar, larunbata, 15:00etan abiatuko da lehendabiziko autoa Mandubian gora, eta arratsaldean zehar bost erlojupeko izango dituzte, Goierriko mendate horretan eta Urola Erdiko auzo-bideetan. 21:00etan bukatuko biharkoa.
Igande goizean, berriz, bigarren etapari dagozkion beste bi zati Mutiloa, Gabiria eta Zerain artean lehiatuko dituzte, 09:00etatik 13:00ak arte. Zortzigarren erlojupekoa (Idiazabal-Olaberria-Lazkao) jokatzeko asmoa bazuen antolakuntzak, baina bertan behera utzi du.
Errepideak ordubete lehenago itxiko dituzte zirkulaziorako.
Bost ibilbidetan zazpi igaro
Rally luzea da Goilurrak. Zazpi bideetan guztira 93 kilometro erlojupean ariko dira taldeak. Horrez gain, neutralizatutako batetik besterako errepide-zatiak gehituta horietan ere arau batzuk bete behar izaten dituzte partaideek, guztira 247 kilometro osatuko dituzte.
Bost ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek. Bitan bi aldiz igaroko dira partaideak, Mandubia-Matxinbenta zatian (1.a eta 3.a) eta Zestoakoan (2.a eta 4.a). Bihar, Mandubiako mendatea izango da gune garrantzitsu bat, hiru zatirekin: 5. erlojupekoa ere han jokatuko da, baina Matxinbenta-Salbatore norantzan.
Igandean, Zeraingo zatia berezia izango da, power stage izendatu baitute. Euskal rally txapelketarako puntu gehigarriak banatuko dituzte Barbarin.
Partaidetza, kalitatezkoa
Goilurrak rallyrako 44 taldek eman dute izena. «Gustura gaude partaidetzarekin. Zerrenda laburra da, baina kalitate ona dago», azaldu du Ikullu Razingeko Ibai Agirrek. Iazko garaile Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola ez dira izango, Espainiako Suzuki Kopan parte hartzen ari direlako aurten, eta Galizian daukate asteburuan proba. Iaz bigarren sailkatutako Joseba Iraola bai, Porsche 997 GT3arekin.
Beste izen handietako bat Gorka Antxustegi da. Citroen AX batekin lehiatuko da. «106 Kit Car baten motorra sartu dio. Kotxe berria da, prestatzen ari da oraindik. Berak dio ez daukala %100ean, baina aterako dio daukana», gehitu du Agirrek.
Goierriko rallya izanda, bertako pilotu eta talde ugari aterako dira. Ikullu taldekoak bost badira: Jon Zubeldia-Zuhaitz Gantzarain, Patxi Altuna-Mikel Goena, Ruben Zabaleta-Maialen Izagirre, Xiker Aiertza-Jon Lonbide eta Mikel eta Eneko Nazabal.
COVID-19aren protokoloa
Bide bazterretan jartzen diren ikusleek COVID-19aren protokoloa bete beharko dute, maskara jarrita eta segurtasun-tartea utzita, batik bat. Asistentzia parkea itxita egongo da ikusleentzat. Denborak on-line emateko webgune bat (www.tiemposonline.com), eta lasterketa streaming bidez ikusteko Goierri Telebistaren eta Erlo telebistaren webguneak erabiliko dituzte.