Itsasoren desanexioa baliogabetu du Espainiako Auzitegi Gorenak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an onartu zuen foru dekretu bidez itsasoarren eskaera. Itsasok 5.000 biztanle baino gutxiago izatea argudiatu dute epaian
Itsasoarrek 2016an erabaki zuten Ezkiotik banandu nahi zutela. 88 lagunek baiezkoa eman zuten galdeketan eta 26 lagunek ezezkoa. Parte hartzea %85eko izan zen. Urte amaieran Gipuzkoako Foru Aldundiak Itsasok udal independentea sortzea onartu zuen foru dekretu bidez, eta Batzar Nagusiek ere erabakia errespeta zezan eskatu zioten Espainiako Gobernuari. Espainiako Gobernuak, ordea, ez zuen desanexioa onartu eta orain, 4 urteren ondoren, Auzitegi Gorenak aldundiaren dekretua baliogabetu eta bertan behera utzi du Itsaso udalerri izateko proiektua.
Gorka Sasieta Itsasoko udal batzordeburuak epaia «injustutzat» jo du ez duelako aldundiaren «eskumena» errespetatzen. Bizpahiru hilabete izango dituzte Ezkioko Udalarekin eta aldundiarekin eszenario berri bat proposatzeko: «Esan digute irailean jakinaraziko digutela ofizialki epaia, eta orduan hiru bat hilabeteko trantsizio epea izango dugu». Elkarlanean ariko dira zein antolaketa modu sortu dezaketen adosteko: «Auzo-udal bat sortzea izan liteke aukera bat, Itziarren edo Ereñozun ere daukaten bezala, baina hori ikusteko dago». Sasietak esan du hiru erakundeek lanketa hori adosteko «konpromisoa» hartu dutela dagoeneko. Eider Mendoza foru aldundiko bozeramaileak, bestalde, adierazi du politikak «herritarren borondatea gauzatzeko erreminta» direla, eta «itsasoarren alde» jarraituko dutela lanean aurrerantzean.
Auzitegi Gorenak argudiatu du Itsasok ez dituela baldintzak betetzen 5.000 biztanle baino gutxiago dituelako.
Francoren garaitik
1964an elkartu zituzten Ezkio eta Itsaso. Ordura arte bi udalerri ziren, baina Francoren diktadurapean anexionatu zituzten. Foru Aldundiaren 2003ko foru arauaren arabera herri batek 2.500 biztanle izan behar ditu gutxienez beste batetik desanexionatu eta udalerri bilakatzeko. Francoren diktadurapean sortutako udalerria izan ezean. Hau da, Itsaso eta Ezkio Francok elkartu zituenez, araudi hori ez zaio aplikatuko.
2014an ekin zioten itsasoarrek desanexio prozesuari. Urte hartan herritarren 102 sinadura bildu zituzten Itsaso Gipuzkoako 89. eta Goierriko 23. udalerria izateko. 2016an galdeketa egin eta foru aldundiak herritarren eskaera onartu zuen. Hurrengo urtean, 2017an, Itsaso udalerri independentea bihurtu zuen ekitaldia egin zuten, kudeaketaz arduratuko zen batzordea aurkeztuta. Itsaso udalerri bilakatzeko proiektua indargabetu du Auzitegi Gorenak. Itsasoko udal batzordeak eta herritarrek, halere, lanean jarraitzeko eta antolaketa modu berri bat martxan jartzeko asmoa azaldu dute.













