Motxiladun ibiltari gutxi igaroko da aurten Goierriko bideetatik barrena
Done Jakue Bideko Beasaingo eta Zegamako aterpetxeak itxita daude, eta ia ez dabil erromesik, ezta Ignaziotar Bidea egiten ere. Gaztaren ibilbideak, aldiz, arrakasta du tere madinabeitia
Uda garaian ohikoak izaten dira Goierrin motxiladun ibiltariak, eskualdetik barrena igarotzen baita Santio edo Donejakue bidea, barne aldeko euskal bidea hain zuzen. Ignaziotar bideak ere Goierriko zati bat zeharkatzen du, eta hori egiten duten erromesak ere ikusi izan dira soinean motxila dutela.
Baina aurtengo uda berezia da koronabirusarengatik, eta askoz ere erromes gutxiago dabil Goierriko bideetan barrena, ia bat ere ez.
Aterpetxeak itxita
Donejakue Bideko bi aterpetxe daude Goierrin, Beasainen Igartza errotaren ondoan, eta Zegaman, Anduetza parketxearen ondoan. Apiriletik urrira bitartean ireki ohi dituzte boluntarioek, baina aurten itxita daude, Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak kudeatzen dituen beste aterpetxeak bezala.
Antonio Jarit beasaindarra da Igartzako aterpetxeko boluntario sarearen koordinatzailea. Ostatu emaile lanak ere egiten ditu gainera beste aterpetxe batzuetan, eta Santio Bidearen zale amorratua da, urtean behin egiten duelako gutxienez.
Igartzako aterpetxea ixtearen arrazoiez galdetuta, «koronabirusa dela eta, garbiketa eta desinfekzio lanak egin behar ziren, eta distantziak gordetzeko tarteak bereiztu» azaldu du, eta neurri horiek ezin dituztela aplikatu dio. Gainera, «boluntario gehienak adinez nagusiak dira, arrisku taldekoak».
Espainiako aterpetxe publikoak eta parrokiek kudeatutakoak itxita egonda, erromesek aterpetxe pribatuetara edo hoteletara jo behar dute, edo kanpin denda eta lo zakua hartuta, kanpoan lo egitera, «baina kanpaldi librea debekatuta dago» gogoratu du Jaritek.
Horregatik guztiagatik, eta jendeak orokorrean gaixotasunari dion beldurragatik, aurten erromes oso gutxi dabil Done Jakue bidea egiten, ez bakarrik Goierrin, baizik eta Espainia osoan. Uztailaren lehen erdialdean Santiagoko katedralak 2.835 konpostela edo bidea amaitu izanaren agiri banatu ditu bakarrik, iaz epe berean baino %81 gutxiago.
Ignaziotar bideak, berriz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpi zeharkatzen ditu. Urtetik urtera herri horietan geroz eta erromes gehiago ikusten zen, batez ere atzerritarrak eta elizarekin lotutako taldeak, baina aurten ez dabil ia inor.
Gaztaren ibilbidea
Hala ere, motxila soinean Goierri zeharkatzen ari den jendea ibili, badabil. Horien artean, Tolosako Zumardia kultur elkarteak antolatuta eta Josu Iztueta bidaiariak gidatuta, aste honetan Gaztaren ibilbidea egiten ari direnak. Zortzi lagun dira, eta astearteko gaua Brinkolan egin zuten, Olalden.
Nairobitarra autobus mitikoarekin atzerrian makina bat bidai eta ibilbide egin eta gero, «aurtengo panorama ikusita» uda honetan gertuko parajeak aukeratu ditu Iztuetak, Goierrikoak, Iker Iriarte gidaria lagun duela. Gaztaren ibilbideak sei etapa ditu: Ordizia-Zerain, Zerain-Brinkola, Brinkola-Arantzazu, Arantzazu-Etzegarate, Etzegarate-Enirio eta Enirio-Ordizia. Astelehenean hasi eta larunbatean amaituko dute, egunean 16-bat kilometroko etapak eginda, oinez. «Ibilaldiak artzaintza, gazta, basoa, meatzaritza, burdinolak, industria, mendia… inguruak ezagutzeko baliatzen ditugu, edukia eman nahi diogu gure paisaiari».
Aste honetakoa laugarren txanda da, aurrez beste hiru egin dituzte gaztetxoekin, eta abuztuan helduekin beste ibilaldi bat egiteko asmoa dute.