Zeraingo festak bertan behera geratu dira
Bertan behera geratu dira abuztuaren 13tik 17ra Zerainen egiten dituzten festak. Udalak jaiak gogoan izateko eta ekoizleei laguntzeko produktu sortak banatuko ditu Zeraingo etxeetan.
Hainbat herritan gertatu den bezala, Zeraingo festak ere bertan behera geratu dira covid19aren ondorioz. Abuztuaren 13tik 17ra ospatu ohi dituzten jaiak ez dira egingo. Festak gogoan izateko, halere, bertako ekoizleen produktuak banatuko ditu udalak herritarren artean.
Uztailaren 10ean deitu zuen udalak festei buruz aritzeko bilera kultur etxean. Festak egiteko osasun baldintzak bermatzerik ez zegoenez, ez antolatzeko erabakia hartu zuen udalak: «Kontuan hartu da inguruan ditugun beste herriek, Zegamak eta Gabiriak adibidez, ez dutela festarik ospatuko, eta Donostian ere Aste Nagusia bertan behera geratu da», azaldu dute ohar baten bitartez.
Oharrean azaldu dute herri afaria egiteko baldintzak aztertu zituztela bereziki, baina segurtasun bermerik ez dagoela: «Horrek ondoren agerpen bat egongo balitz zailtasun handiak ekarriko lituzke jarraipena egiteko, eta foko bat izateko arriskua legoke».
Festarik ez da egongo abuztuan beraz, baina Zeraingo Udalak festak gogorarazteko eta herriko ekoizleei laguntzeko ekimena jarri du abian: bertako ekoizleen produktu sortak jasoko dituzte etxe eta baserri guztietako zeraindarrek.