Bidegik lizitaziora atera du Beasain-Bergara autobidearen kobrantza sistema
Bidesaria kobratzeko hiru arku jartzea aurreikusten dute, Beasainen, Ezkion eta Deskargan. Urtebeteko epea izango dute proiektua garatzeko, eta lizitazioa jasotzen duen enpresak lau urte eta erdiz kudeatuko du errepide zati hori.
Duela hamabost egun onartu zuen Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluan A-636 errepidean, Beasain eta Bergara artean, ordainsaria jartzeko prozesua hastea. Orain, Bidegiko Administrazio Kontseiluak, proiektuaren idazketa, obraren gauzatzea eta autobide zati horren kobrantza sistema mantentzea lizitaziora atera ditu. Lizitazio horrek 10,3 milioi euroko aurrekontua (+BEZa) du, eta 5 urte eta erdiko iraupena izango du guztira. Aurreneko urtea, proiektua garatzeko eta “xehetasunez idazteko” izango da, eta gainontzeko lau urte eta erdiak, errepidea kudeatzeko eta ustiatzeko.
Lehiaketara aurkeztu nahi duten enpresek, aurreproiektu bat idatzi beharko dute. Behin proiektua esleitutakoan, aukeratutako enpresak idatziko du arkuen eraikuntza-proiektua. Hiru gune zehaztu dituzte horretarako: Beasaingo arkupeak Beasain-Ormaiztegi tartea (2,8 km) hartuko du; Ezkiokoak, Ormaiztegi eta Zumarraga artekoa (7,3 km); eta Deskargakoak, Legazpi/Urretxu eta Antzuola arteko zatia (2,5 km). Azken zati horrek bi banderola izango ditu, Antzuolako erdi-lotunearen tartea mugatzeko.