CAFek 40 milioi euroko balioa duten lau mantentze kontratu sinatu ditu
Italian, Brasilen, Kolonbian eta Espainian sinatu ditu aldiriko trenak, tranbiak eta metroak mantentzeko hitzarmenak.
Abuztuko oporraldia iritsi aurretik, Beasaingo CAF enpresak lau mantentze kontratu berri itxi ditu nazioartean. Palermon (Italia), Sao Paulon (Brasil), Medellinen (Kolonbia) eta Malagan (Espainia) mantentze lanak egiteko kontratuak dira guztiak, eta denen artean, 40 milioi euroko balioa dute.
Italian, Palermoko garraioa kudeatzen duen AMAT S.P.A. erakunde publikoak, Italiako CAFi esleitu dio 4 urtez 17 tranbia mantentzeko kontratua. Siziliako hiriburuaren tranbia-sareko 4 lineetan ematen dute zerbitzua unitate horiek. Mantentze lanak, Roccellan eta Leonardon dituzten tailerretan egingo dituzte. Kontratua CAF Italiak eta EDS Infrastrutturek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkartzeak (ABEE) lortu du; CAF tranbia unitateen mantenuaz arduratuko da, eta EDS linearen azpiegituraz.
Brasilen, Sao Paulo estatuko Companhia Paulista de Trens Metropolitanosek (CPTM) aldiriko 8 tren 4 urtez mantentzeko kontratua esleitu dio CAFi. Unitate horiek CAFek fabrikatu eta hornitu zituen 2011 eta 2012 artean, eta CPTMk operatzen duen Sao Pauloko metropoli-sareko 10. linean eskaintzen dute zerbitzua. CPTMren trenbide sareak 7 linea eta 270 kilometro ditu, eta egunero, 2,9 milioi bidaiarik erabiltzen dute. Mantentze-lanak CAF Brasil filialak egingo ditu, Brasilgo operadoreak Lapa auzoan, São Pauloko mendebaldean, dituen instalazioetan.
Kolonbian berriz, Medellin hirirako CAFek egindako 35 unitateen mantentze lanak esleitu dizkiote orain CAFi. Bi urtetik gorako iraupena du kontraktuak, eta orain arte egindako lanari jarraipena emateko balioko du.
Azkenik, Espainian, CAFek Malagako metroarekin gaur egun indarrean duen mantentze kontratua beste bost urtez luzatuko du. Urbos 3 modeloko 14 tranbiako flota da mantendu eta berrikusi beharko dutena. 2010. urtean hasi zen CAFen eta Malago metroaren arteko harremana; orduan entregatu zituen CAFek lehen metro unitateak, eta geroztik, flotaren mantentze lanak egin ditu.