Euskal Encounter: 3.300 partehartzaile eta 100.000 jarraitzaile
Euskal Encounter topaketaren 28. edizioa egin dute asteburuan Urretxun. Pandemiari "arrakastaz" aurre egin diotela azaldu dute antolatzaileek.
Hiru egunez, informatika zaleen topagune bihurtu da Urretxu, Euskal Encounter topaketaren 28. edizioan. Jatorrira itzuli da topaketa, Urretxun bertan hasi baitzen, 1994. urtean. Koronabirusak markatutako edizioa izan da aurtengoa, baina datu esanguratsuak utzi ditu. 3.314 lagunek parte hartu dute bertan, eta sarean, 100.000 lagunek baino gehiagok jarraitu dute, zuzeneko emisioan. Pandemiari “arrakastaz” aurre egin diotela azaldu dute antolatzaileek. Orokorrean, “parte-hartzea handia” izan dela azaldu dute, eta batez ere, konferentziek izandako jarraitzaile kopurua nabarmendu nahi izan dute.