Loinatz Musika Eskolak neurri bereziekin hasiko du ikasturtea irailean
Aurrez aurreko saioekin ekingo dio musika eskolak 2020-21 ikasturteari, beti ere, segurtasun eta babes neurri guztiak hartuta.
Beasaiko Loinatz Musika Eskola 2020-21 ikasturtea prestatzen ari da dagoeneko. Aurrez aurreko saioak hasiko dituzte irailean, ‘normaltasun berriak’ eskatzen dituen segurtasun neurrietara egokituta. Indarrean dagoen kontigentzia planean ezarritako arauak eta segurtasun eta babes neurriak hartuko dituzte, horretarako.
Ikasleak, adinaren eta taldearen arabera sartuko dira ikasgelan, irakasleak lagunduta eta maskara jarrita. Sartzerakoan eskuak hidrogelarekin garbitu behar dira. Eskaileretan igo eta jaitsi, eskuineko aldetik egin beharko da; igogailua ezin izango dute erabili, behar berezietarako izan ezik. Gurasoek ezingo dute eraikinean sartu; hala egitekotan, hitzordua aurrez eskatu beharko lukete.
Klaseen ordutegiak zorroztasunez errespetatzeko eskatu dute. Taldeetako klaseen artean, 5-10 minutuko tarteak utziko dituzte, gelak desinfektatu eta aireztatzeko.