Tabernek beranduenez 01:30ean itxi ahal izango dute
Egunez taberna barruan nahiz terrazan egon ahal izango da, gauerditik aurrera, ordea, terrazan bakarrik. Lokal handien edukiera %80ra mugatuko dute.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren bigarren olatuari aurre egiteko neurri berriak hartu ditu. Nekane Murga sailburuak gaur azaldu duenaren arabera, ostalaritza eta aisialdiari dagozkionak izango dira. Tabernek eta diskotekek, gehienera ere, goizeko 01:30ean itxi ahal izango dute. Gainera, 100 lagunetik gorako edukiera duten lokaletan, aforoa mugatu egingo dutela iragarri du. Neurri berriak, aste honetan bertan sartuko dira indarrean.
COVID-19aren jarraipen batzordeak gaur egin duen bileraren ondoren iragarri ditu sailburuak neurri horiek. Aurreko astean, espazio publiko guztietan musukoen erabilera derrigortu zuen Osasun Sailak; eguneko zentroak ixteko eta adinekoen egoitzetako bisitak murrizteko erabakia ere hartu zuen. Orain, hainbat udaletxetatik egindako eskariari bide eman diote, jende pilaketak ekidin, gaueko aisialdia mugatu eta horrela berragerpen berriak saihesteko.
Taberna barruan bai, baina egunez
Ostalaritzan ezarritako neurri berri hauek ez diote eragingo taberna barruko kontsumoari. Gaueko hamabiak arte, barran eskatu eta taberna barruan nahiz terrazan kontsumitu ahal izango da. Gauerditik aurrera, ordea, taberna barruan ezingo da ez eskatu eta ezta kontsumitu ere; 00:00etatik 01:30era, terrazetan bakarrik egon eta edan ahal izango da.
Mahaiko gehienez hamar lagunek elkartu ahal izango dute, eta pertsonen arteko 1,5 metroko tartea bermatu behar dela gogorarazi du Osasun Sailburuak. Lokal handiei dagokionean, edukiera mugatu egingo dutela azaldu du; 100 lagunetik gorako edukiera dutenek, gehienez ere %80an bete ahal izango dira. Diskoteken kasuan berriz, %60ko edukiera eta tabernen ordutegi bera izan beharko dute.