COVID-19a eteteko sentsibilizazio kanpaina abiarazi dute Gipuzkoan
Ostalaritza sektorera zuzenduta dago kanpaina, eta pandemia eteteko neurri egokiak sustatzea du helburu. Gipuzkoan, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak bideratuko du
Dinamizatzaile talde batek Ordizia bisitatu zuen atzo, «COVID-19ak eragindako pandemia eteteko hartu behar diren neurri higieniko-sanitarioak modu egokian betetzeko». Informazioa zabaltzea da helburua da, «herritarrak eta ostalaritza sektorea sentsibilizatzea». Kanpainak Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Euskadiko hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena du abiapuntu, eta Gipuzkoan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gidatuko du.
Ordiziako erdigunean, «jende pilaketa gehien jasotzen duen udalerriko gunean», zabaldu zuten dinamizatzaileek informazioa. Lau lagun aritu ziren 12:00etatik 14:00etara; denbora tarte horretan herritarrak, ostalariak eta horien bezeroak informatzea izan zuten xede, indarrean dagoen osasun araudia behar bezala betetzeko.
Batez ere, musukoaren erabileran ostalaritza eremuko kontsumo garaian, eta baita eremutik kanpo ere; distantzia soziala bermatzeko irizpideetan; eskuetako garbitasunean; edota talde-kopuruan, hamarreko muga ez gainditzeko, jarriko du fokua. Era berean, herritarren artean musukoak banatu zituzten.
Ordizian izan ziren dinamizatzaileen hitzetan, «orokorrean herritarrak ondo jaso dute kanpaina. Askok ezagutzen dituzte neurriak zeintzuk diren baina momentu batzuetan zalantzak dituztenak ere badaude eta esker ona agertu dute, emandako informazioarekin zalantzak argitzeagatik».
Batez ere, gazteentzat deia
Kanpaina «adin tarte guztietara zabaldu nahi» dute, baina batez ere «gazteengana iristeko ahalegin berezia egingo» dela iragarri dute, «momentu honetan COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko kolektibo hori delako sentsibilizazio eta pedagogia lan gehien eskatzen duena».
Sentsibilizazio kanpainaren bitartez, «hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek bere hondar alea jarri nahi» dute, «pandemia indargabetzeko, eta bide batez, ostalaritza eremu segurua dela aldarrikatzeko».
Konfinamenduak iraun zuen bitartean, eta ondorengo deseskalatze faseetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalaritza sektoreko ordezkarien eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen arteko hartu-emana «etengabea eta emankorra» izan dela adierazi du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak: «Eskuartean daukagun kanpaina elkarlanaren adibide bat baino ez da, Euskadiko ostalaritza guneak zabaltzeko erabakia bezala, tokian tokiko berragertzeen ondorioz salbuespen eta neurri bereziak hartu behar izan badira ere». Zentzu honetan, ostalaritza sektoretik instituzioetako ordezkariek pandemiaren aurka egiten ari diren «lana azpimarratu» nahi izan dute, eta gehitu dute «egiten ari diren lana txalotzen» dutela.
Gipuzkoatik, Arabara eta Bizkaira ere hedatuko dute
Sentsibilizazio kanpainak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeak bisitatuko ditu. Iragan ostiralean, hilak 24, abiarazi zuten, eta irailaren 13ra bitartean, Gipuzkoako 40 lokalizazio inguru bisitatuko ditu. Errenteriako eta Mutrikuko Magdalenekin hasi, Donostiako Jazzaldiarekin jarraitu, eta bata bestearen atzetik etorriko dira Pasai Donibaneko San Pantaleonak, Ordiziako Koadrila Eguna, Elgoibarko San Bartolomeak, edo San Roke bezpera Deban. Irun, Eibar eta Zarautz ere bisitatuko dira, gaueko aisialdiaren harira, edo eguerdiko aperitifa tarteak Donostiako Alde Zaharrean eta Grosen, edo Tolosako larunbatetako merkatuan.