Goierrik ez du bere xarma galdu eta uda honetan ere turistak erakarri ditu
Eskualdeko ostatuetan aurreikuspen onak dituzte orokorrean abuzturako. Katalunia, Valentzia eta Madril ingurutik datoz gehienak. Eguneko bisitarien artean, gipuzkoarren gorakada.
Uda berezia da aurtengoa, eta koronabirusak herritar gehienen oporrak baldintzatu ditu. Gertuko destinoak dira uda honetako kuttunak, eta horien artean Goierrik badu zer eskaini.
Naturan, gastronomian eta kulturan oinarritutako eskaintzari, Euskal Herria ezagutzeko toki estrategikoan kokatuta egotea gehitzen zaio, eta bisitariek aintzat hartzen dituzten alderdiak dira horiek. Horregatik, aurten ere ez dute hutsik egin eta eskualdea ari da turistaz betetzen. Horren erakusle, ostatuetan dagoen mugimendua.
Goierrin 37 alojamendu daude38, Zumarragan ateak ireki berri dituen Artiamuno landetxearekin, izan hotelak, nekazalturismoak eta landetxeak, aterpetxe turistikoak, apartamentu turistikoak ala pentsioak. Batzuk herri erdian daude kokatuta, beste batzuk errepide bazterrean, eta gehieneak, landa inguruan. Horiek dira, hain zuzen, oporretarako preziatuenak.
Bergaretxe, beteta
Legazpiko Bergaretxe Geltokia da azken horietako bat. Edukiera ezberdineko sei apartamentu turistiko ditu, Brinkola auzoan dago kokatuta, eta zelaiz eta basoz inguratuta dago. Fermin Gartxitorena arduradunak azaldu duenez, «abuzturako ia dena beteta dugu. Ezeztapen bat izan dugu, baina hutsune hori beteko dugulakoan gaude».
Horixe da, hain zuzen, aurtengo oporraldien ezaugarrietako bat, alojamenduek ia azken unera arte ezeztapenak egiteko aukera eskaintzea, koronabirusaren hedapenaren aurrean malgutasuna izateko. Baina ikusten denez, Bergaretxen ez dute alde horretatik aparteko arazorik izan eta erreserba ia guztiak mantendu dira.
Atzo ere, sei apartamentuetatik bost beteta zituzten, Kataluniako, Madrilgo, Belgikako eta Frantziako jendearekin.
«Legazpi erdi-erdian dago, toki estrategikoan, eta gure etxearen estetikak eta arkitekturak asko erakartzen ditu turistak», dio Gartxitorenak. Apartamentuak alokatzeko web plataforman ostalariek utzitako komentarioetan, lasaitasuna, kokapena, paisaia, etxea, gosaria eta abegi ona azpimarratzen dituzte gehien, hain justu Goierri aukeratzeko kontuan hartutako alderdiak.
Bergaretxe Geltokian gutxienez bi gau egiten dituzte ostalariek, eta Donostia edo Bilbo bisitatu edo Aizkorrin ibilaldiak egiteaz gain, inguruak ezagutzeko ere baliatzen dute. Horretarako, anfitrioiek prestatutako gida turistikoak eta argibideak oso baliagarriak gertatzen zaizkie. Apartamentuetako batean ostatu hartuta dauden Sonia eta Arthur frantziarraak, adibidez, Brinkolan geratu ziren herenegun lasaitasunaz eta paisaiaz gozatzen, atzo Donostiara joan ziren eta gaur Bizkaia aldera joatekoak ziren. Bikotea Paris ingurukoa da eta zirkuitu bat egiten ari dira Euskal Herrian eta Espainian.
Eguneko bisitariak
Segurako Imaz hotela, berriz, herri erdi-erdian dago kokatuta, baina bertan ostatu hartzen dutenek ere lasaitasuna, mendiaren gertutasuna eta Euskal Herriko hiriburuak eta beste toki asko bisitatzeko kokapen estrategikoa izaten dute kontuan, Elena Imaz arduradunak azaldu duenez. Horrekin guztiarekin batera, ostalariak «etxean bezala edo etxean baino hobeto» sentiaraztea da hotel txiki honen ezaugarri nagusia. Katalanak eta valentziarrak dira bezero nagusiak.
Hotelak bederatzi gela ditu eta uztaila oso ona izan ez den arren, abuztua «nahiko polita» zetorrela aipatu du Imazek, «%80 betetzeko itxaropena genuen». Baina azken asteetako agerraldiek eta horien inguruko albiste kezkagarriek atzera bota ditu bezero batzuk eta hartuta zituzten 5-6 eguneko egonaldiak bertan behera utzi dituzte. «Beldurra dago; hemengoak kanpora irteteteko beldurrez daude eta kanpokoak hona etortzeko ere bai, ez dago batere segurantzarik». Ezeztapenen ondorioz, une honetan abuzturako aurreikuspenak %50era jaitsi dira Segurako hotelean, «hala ere, gelak betetzen joango direla espero dugu».
Eguneko bisitariak
Eskualdea ezagutzeko eguneko bisita egiten dutenak ere badira, baina D’elikatuz zentrotik adierazi dutenez, Ordizian eta Idiazabalen behintzat, «bisitari kopurua erdira jaitsi da joan den urteko datuekin alderatuz gero».
Aurten, Gipuzkoako bisitarien igoera nabarmendu dute, «gertukoa ezagutzeko aprobetxatzen ari dira eta asko etorri dira aldundiaren Gipuzkoa Passport eskatzera». Estatuko turistak, berriz, Katalunia, Gaztela-Mantxa, Madril eta Valentzia ingurukoak dira, eta atzerritar bakan batzuk ere gerturatu dira, «kuriosidade moduan, ‘sanferminetarako’ txartela zuen amerikar bat, edo hemen ikasten ari diren seme-alabak bisitatzera etorri eta etxera bueltatu ezinik gelditu diren Guatemala eta Mexikoko bi familia. Alemania, Belgika eta Frantziatik ere batzuk izan ditugu, natur turismoaren bila».