Iraola-Lafuente taldeak irabazi du Goilurrak rallya, ezustekorik gabe
Aitor Saizar-Gorka Aginaga ondarrutarrak dira bigarren eta Mora-Bajo espainiarrak hirugarren. Bi etapatan banatuta, 42 auto irten eta 25ek osatu dituzte zazpi zatiak
Ezustekoentzat tarte handirik gabe bukatu da II. Goilurrak Rallya. Joseba Iraola eta Sheila Lafuente senar-emazte balmasedarrek (Porsche 997 GT3) irabazi dute Goierriko eta Urolako rallya, iaz podiumaren bigarren koskara igo ostean. Rally egutegian aurtengo lasterketak osatuta, uztekotan da arlo hori Iraola, eta Porsche GT3 autoa salgai duela iragarri du. Baina, azken erlojupekoan segurtatzeko txanpa osatzetik urruti, lehiakortasuna erakutsi du gainontzekotan.
Lau talderen arteko lehiak markatu du asteburuko bi egunetan jokatu diren zazpi erlojupekoetako bakoitza. Iraola-Lafuente izan dira nagusi hirutan (1.a, 4.a eta 5.a). Sailkapen nagusian bigarren geratu diren Aitor Saizar-Gorka Aginaga ondarrutarrek irabazi dute bat (3.a), eta hirugarren postua lortu duten Manuel Mora-Ivan Bajo asturiarrek beste bat (2.a).
Laugarren lehiakideak, Ivan Muñoz-Ibai Ajuriagoikoa taldeak, larunbatean 2. erlojupekoan utzi behar izan zuen lasterketa, matxuragatik. Baina igandean autoa berreskuratu ahal izan zutenek irteteko aukera zeukaten ez zuen gupidarik izan: bi zatiak irabazi zituzten.
42tik 25ek osatu dute
Lazkaoko Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek antolatutako proban, Endoiako zatia izan da mekanikoki gogorrena. Larunbateko 2. eta 4. erlojupekoetan, 9 taldek utzi behar izan zuten, matxurengatik. Igandean, Zeraingo 6. zatia zen rallyko eta euskal denboraldi osoko luzeena, 19 kilometro luzekoa. Han 4 errenditu ziren.
Parke itxia eta asistentzia gunea Olaberriko Zirkuituan kokatu dituzte aurten, koronabirusaren neurriengatik Lazkaoko plazatik aldenduta. Izena emanda zeuden 44 taldeetatik 42 abiatu ziren Mandubiko lehen zatian. Erosoak eta azkarrak suertatu dira hango hiru zatiak, azken Matxinbentatik Salbatorerantz.
Aurreneko etapa luzea izan zen azkenerako, ordea. Goierritar askok utzi behar izan zuten bertan behera, Nazabal anaiek (TC2an), Patxi Altuna-MIkel Goenak eta Ruben Zabaleta-Maialen Izagirrek (TC5ean)
Igandeko 2. etapari ekiteko 39 autok lortu zuten atzera ateratzea, bezperako sailkapenaren ordenan eta sailkapen nagusirako aukerarik gabe jada. Iraolak zati zailenean, Zeraingoan, eskuan zuen jada rallya, akatsik ezean, eta segurtatzera joan zen azkenekoan. TC-7an, hain zuzen, autoa irauli eta utzi behar izan zuen proba Ugaitz Gorostidi-Iñigo Astondoak. Iker Arizti-Joseba Astondoa ere TC6an geratu ziren.
Rallya oso-osorik 25 taldek bukatu dute, tartean Xiker Aiertza-Jon Lonbide eta Eñaut Igartzabal-Patxi Agirre goierritarrek.