Jotxin Iturbe Urola taldeko lehendakari izendatu dute
Zumarragarrak 43 urte ditu eta hiru seme-alaben aita da. Urolaren zuzendaritza berriak aurrekoak ezarritako lan ildoa jarraitzeko asmoa azaldu du
Urola futbol taldeak zuzendaritza berria du ostiraletik. Lehendakari berria Jotxin Iturbe zumarragarra da. 43 urte ditu, hiru seme-alabaren aita da eta Urolan jokatu zuen, gazte mailara arte. Mikel Mesonerori hartu dio lekukoa.
Lehendakari ordea eta diruzaina Mikel Igartua da, bigarren lehendakari ordea Amaia Aranburu eta idazkaria Jon Etxeberria. Gainontzeko kideak Estitxu Gomez, Iñaki Aranzadi, Anton Arratibel, Marijo Maniega, Ibon Izagirre, Joseba Okariz, Angel Balbas eta Rosa Garrido dira. Aranzadi, Balbas eta Maniega aurreko lau urteetan ere zuzendaritzako kide izan dira.
Iturbek ostiraleko batzar nagusian hartu zuen kargua. Parte hartu zuten bazkideei eskerrak eman zizkien eta zuzendaritza berriko kideek ilusio handia dutela esan zuen. «Futbola gustuko izateak eta askoren kasuan seme-alabak taldean izateak ekarri gaitu hona. Ilusioz eta lanerako prest gaude, eta erantzukizuna handia bada ere, gogotsu helduko diogu erronkari»
Aurreko zuzendaritzako kideak zoriondu zituen. «Eskerrak eman nahi dizkiogu, baita zoriondu ere, lau urteko ibilbidea amaitu duen zuzendaritza taldeari. Lan benetan polita egin dute, eta gure asmoa, beraien bideari eutsi eta ahal den neurrian ekarpenak egitea da».
Egitasmoaren ardatzak
Ondoren, beraien egitasmoaren ardatzak zeintzuk izango diren azaldu zuen. Hasteko hezkuntza egitasmoa aipatu zuen. «Formazioa eta hezkuntza funtsezkoak izango dira». Kirol garapena ere garrantzitsua izango da, noski. «Gure neska-mutikoek futbolean geroz eta hobeto jokatzea bermatuko duen kirol metodologia erabiliko dugu».
Komunikazioa ere aipatu zuen. «Erakundeekin, eskualdeko gainontzeko klubekin, familiekin eta bazkideekin komunikazio naturala eta egonkorra izango dugu. Hau da, kluba bi herrietara hurbiltzen jarraituko dugu».
Euskara ere aintzat hartuko dute. «Elkartearen jardueretan euskararen presentzia bermatuko dugu». Bukatzeko, klubaren 50. urteurrena ospatuko dute. Urolak datorren urtean beteko ditu 50 urte.
Klubeko ateak zumarragar eta urretxuar guztiei zabalik daudela esan zuen. «Helburuak lortzeko zuzendaritza berriko kideen ilusioa eta lana ditugu, baina klubarekin kolaboratu nahi duten gainontzeko guztiak ere ongi etorriak izango dira».
Aurten ez dago koronabirusari izkin egiterik eta Iturbek ez duela gaztetxoen ilusioa zapuztuko esan zuen. «Urte zaila izango da, COVID-19aren eraginez ziurgabetasuna nagusi baita, baina neskek eta mutikoek futbolean jokatzeko gogoa dute eta ziur beraien gogoak eta ametsak betetzea lortuko dugula».
Bukatzeko, 2019-2020 denboraldian egindako lana goraipatu zuen. «Bihotzez zoriondu nahi ditut Urolako talde eta laguntzaile guztiak aurreko denboraldian egindako lanarengatik eta lortutako emaitzengatik. Aupa Urola!».