Sare sozialetan zabaldu den irudia "une konkretu eta zehatz batean" hartutakoa dela eta kalea berehala itxi zutela dio udalak. Gainontzean, "ordiziarren jarrera txalogarria" izan dela azaldu dute.
Ordiziako kuadrillen argazkia bolo-bolo zabaldu da sarean.
Atzo Ordizian ateratako argazki bat zeresan handia ematen ari da sare sozialetan. Ordiziako Udalak Santa Ana jaiak bertan behera utzi bazituen ere, gazte ugari elkartu ziren herrigunean, batez ere taberna gehien pilatzen diren Andre Mari eta Etxezarreta kaleetan. Udalak azaldu duenez, ezin da “alde batera utzi bolo-bolo dabilen argazkia”, baina garbi utzi nahi izan dute, irudi hori “une konkretu eta zehatz” batean hartutakoa dela, eta “une horretan bertan kalea ixteko agindua” eman zutela. Kaleetan jende pilaketak izan diren bakoitzean ere, horrela jokatu dutela azaldu dute udal arduradunek.
Izan ere, Santa Ana jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen udalak ekainaren 24an, eta udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek, arduraz jokatzeko deia egin zieten herritarrei. Herriko ostalariekin bildu eta gero, hainbat neurri adostu zituzten, eta tabernak, goizaldeko 04:30ean itxi ordez, 01:00etan ixteko erabakia hartu zuten. Horrez gain, egun hauetan udaltzainen zaintza zerbitzua indartu egin dela azaldu dute, tabernen itxiera ordura arte lan egiteko. “Zaintza lanak egin dituzte, bai musukoaren erabilera, aforoa eta segurtasun distantziak betetzeko”.
Udalak azpimarratu du “orokorrean, ordiziarren jarrera txalogarria” izan dela, egindako deialdiari erantzunez, ez baitituzte herriko jaiak ospatu. Aurrerantzean ere, “arduraz” jokatzeko eta “osasun eta segurtasun neurriak” errespetatzeko deia egin dute.