Sega ligako lau txapeletatik bi Zaldibian bertan gelditu dira
Bi jardunaldira murriztuta jokatu dute aurten Almitza elkartearen Sega Liga. Migel Mari Jauregi 'Altzo' eta Josu Mendizabal zaldibiarrek txapela bana jantzi dute.
Almitza sega elkarteak antolatutako Sega Liga igandean bukatu zen, Zaldibiako Irastortza baserriko belardian. Ohi baino lehiaketa motzagoa izan da aurten, bi jardunaldikoa, normalean izan ohi diren hiruren ordez Nafarroakoa ez da jokatu. Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarrak jantzi du gizonezko larrietan txapela, Ainara Otamendik emakumezkoetan, Josu Mendizabal zaldibiarrak gazte mutiletan, eta Mattin Etxarrik haurretan.
Bi saio besterik jokatu ez dituztenez, sailkapen nagusiak estu geratu dira. Altzo-k Usurbilgo saioan bigarren egin zuen, Julen Gabirondoren ondoren. Zaldibian, herenegun, postuak aldatu zituztenez Gabirondo izan da bigarren, 119na punturekin baina denbora hobearekin, Altzo atera da txapeldun.
Hirugarren Jon Otegi (116), laugarren Bixente Mitxelena (114), bogarrren Mikel Lizartza (112) eta seigarren Joakin Garmendia (108) geratu dira. Usurbilen ebaki ez zuten beste hiru segalari ere aritu dira Zaldibian.
Nesketan maila bakarra
Gizonezkoak adinaren arabera hiru mailatan sailkatu badituzte, emakumezkoek maila orokor bakarrean jokatu dute liga. 9 aritu dira guztira (bi saioetan 7).
Ainara Otamendik jantzi du txapela (119) nahiz Zaldibian Alaitz Imazek (118) aurre hartu. Maide Garmendia hirugarren, Haizea Arruti 5., Susana Lopez 6. eta Graxi Elosegi 7. dira ligan.